Egoitzak duen leku faltari dagokionez, Jose Riviere presidenteak jakinarazi du Udaleko ordezkariak horren jakitun direla egoitza estreinatu zuten egun beretik; eta apirilean batzarra dutela eurekin aztertzeko ze aukera duten lege aldetik Abaroako tabernan mahai eta aulki gehiago ipintzeko.
Ezin da mahairik erreserbatu
Hala ere, nabarmendu du egoitzak dituen 2.281 bazkideendako sekula ez dela nahikoa lekurik izango, hori ezinezkoa delako. Eta berretsi du erabiltzaileek ezin dutela euren koadrila edo lagun-taldearendako mahairik gorde aldez aurretik, gaur egun egiten duten moduan. “Batzuk, adibidez, 17:00etan etortzen dira, eta mahai bat edo bi hartzen dituzte, 18:00 edo 19:00etatik aurrera erabiltzeko”, kontatu du bazkide batek.
Superabita
2010eko superabitari dagokionez, berriz, ezohikoa dela azpimarratu du, egoitzaren lekualdaketaren ondorioz hainbat faktura (ura, berogailua…) kobratu ez izanaren ondorioa. Eta gaineratu du oraindik ez dakitela Udalak zer egingo duen diru horrekin: egoitzarendako utziko duen edo Udalak berarendako hartuko duen.
Aurtengo aurrekontuari begira, berriz, 33.140 euroko gastua aurreikusi dute; sarrerak, berriz, 33.140 eurokoak. Horrela, 80,55 euroko superabita espero dute. Gutxi gorabehera, beste urte batzuen antzerakoa, beraz.
Lapurretatxoak, tabernan
Eta beste puntu pare bat aipatzearren, abisatu dute tabernan taza eta platertxo falta sumatu dutela, jendeak etxera eramaten dituelako. Egoitzako sukaldea laster martxan jarriko dutela ere esan dute, eta edozein bazkidek izango duela hura erabiltzeko aukera. Eta kontatu dute badabiltzala aztertzen urtean dantza-saio gehiago ipintzea, bazkideek eskatutako moduan.