Hain zuzen ere, lehen solairuan gobernuz Mundukide fundazioa kokatuko da eta gainerakoa Gizabideak erabiliko du. 350.000 euroko inbertsioa egingo dute etxea egokitzen.
Kontxita Azkaratek Gizabidea fundazioari emandako herentzia da Zarugaldeko etxea. 2007ko azaroaren 13an hil zen Azkarate, eta Gizabidea Fundazioarekin zuen loturarengatik erabaki zuen bere etxea fundazio horri ematea. "Espero dugu berak ipinitako helburu eta nahi horiek betetzeko gauza izango garela eta berak nahiko zukeen erabilera emango diogula etxeari eta bera harro egoteko moduko zerbait egingo dugula hor", adierazi du Miren Erdoziak, Gizabidea Fundazioko idazkariak.
Gizabidea
Gizabidea Fundazioari dagokionez, On Jose Maria Arizmendiarrietak bizitzako azken urteotan pentsatu eta gerora gauzatu zen egitasmoa da. On Jose Maria Arizmendiarrietak berak azaldu zuen Gizabidea Fundazioa "hezkuntza, lana eta aisialdia bera gizatiartzeko nahiaren" emaitza dela. Eta bide horretan, ikerketan, hezkuntzan eta formazioan sor daitezkeen beharrak asetzeko sortu zuten, beti ere, eraldaketa sozio-ekonomikoak bultzatze aldera. Bereziki Fagor Taldearekin dauka lotura, baina jarduera nagusia, esandako moduan, hezkuntzarekin lotutakoa da: "Saiatzen gara hezkuntza kooperatiboei laguntza ematen euren eskaintzak gauzatzeko; eta batez ere, ikastetxe kooperatiboendako azpiegiturak lortzen", kontatu du Miren Erdoziak.
Mundukide
Mundukide Fundazioa, berriz, "lan munduko elkartasuna herri pobreen garapenera bideratzeko" helburuarekin sortutakoa da. Helburu hori lortzeko, "esperientzia kooperatiboaren baliabide eta ezagutzak" eskaintzen dizkiete komunitateei, bertan gara ditzaten.