Diru kontutan sartuta, 2010ean Arrasateko Udalak 450.000 euro pasa gastatu zituen larrialdi egoeran zeuden 220 herritarri laguntza emateko. Baina kopuru horretatik Jaurlaritzak bakarrik 219.427 euro bueltatu zizkion Udalari.
Horrek, jakina, Udalaren zorraren handitzea ekarri zuen. Eta hori ikusita, 2011ko jardunerako Arrasateko Udalak erabaki duena da laguntzok Eusko Jaurlaritzak erabakitako irizpideen arabera banatzea.
%39 gutxiago
Jaurlaritzak aurten 131.940 euro emango dizkio Arrasateko Udalari laguntza mota horietara bideratzeko, iaz baino %39 gutxiago. Irizpide edo baldintzei begiratzen badiegu, berriz, kasu horretan ere murrizketak ekarriko dituzte Jaurlaritzak erabakitako irizpide berriek, zenbait kasutan dezenteko murrizketak, gainera.
Ondarea
Nabarmentzekoa da, adibidez, ondarea kontuan hartuta, aurten 8.000 euroko gehienezko balioa finkatuko dutela; iaz, berriz, 31.000 eurora artekoak onartzen zituzten laguntza eskaeratan.
Eta ez hori bakarrik. Ze aurten, bigarren higiezina duena automatikoki larrialdietarako laguntzetatik kanpo geratuko da, higiezin horren balioa edozein dela ere. "Iaz balore mugaren barruan sartzen zen heinean, diru-laguntzetarako aukera edukitzen jarraitzen zuen", jakinarazi du Olatz de Miguelek, Gizarte Ongizateko teknikariburuak.
Bizilagun kopurua
Bestalde, etxebizitza bakoitzeko bizilagun kopurua ere aintzat hartuko dute laguntzak erabakitzeko orduan. Eta horren arabera, etxebizitza bakoitzean, askojota bi bizilagunek jaso ahal izango dituzte mota horretako laguntzak. "Iaz, ordea, etxeak zeuzkan logelen araberako maximoak zehazten ziren", argitu du udal ordezkariak.
Alokairua eta hipoteka
Mugatu egingo duten beste kontzeptu bat hipotekarena izango da. Berez, larrialdietarako laguntzen barruan onartuta dago hipoteka ordaintzen laguntzeko dirua ematea, baina aurten gehienez 12 hilabetez emango dute, eta iaz, epez mugagabea zen laguntza hori.
Bestalde, etxebizitza kontuekin segituz, alokairuarengatik ematen dituzten laguntzak bateraezinak izango dira diru-sarrerak bermatzeko errentarekin lotutako laguntzekin. Hau da, laguntza bat jasoz gero, ezin izango da bestea eskuratu.
Berrikusi egingo dituzte
Horrekin batera, aurten aplikatuko duten beste berritasunetako bat berrikuspenarena izango da. Labur esanda, sei hilabetetik behin Udalak derrigorrez egin beharko du emandako laguntzen berrikuspena. Orain arte, berriz, ez dute halakorik egin.
Martxoaren 31 baino lehen
Eta bukatzeko, larrialdietarako laguntza eskuratu nahi izanez gero, eskaera-epeak ere badira kontuan hartu beharrekoak. Izan ere, irizpide berrien arabera, oraingo asteko eguena baino lehen (martxoaren 31) aurkezten diren eskaerak, "laguntza jasotzeko eskubidea dutenen kasuetan, urte bereko urtarrilaren 1erako atzera efektua aplikatuko zaie. Data horretatik aurrera aurkeztutako eskaeren kasuetan, berriz, ordutik aurrerako efektua izango dute".
Eskaerak Gizarte Ongizate Sailean egin behar dira, udaletxeko hirugarren solairuan. Bestela, Biztanleen Arreta Zerbitzuan ere galde daiteke.