Otxia txakolina: uzta onaren fruitua

Txomin Madina Milikua 2011ko martxoaren 27a

Eguerdian aurkeztu dute aurtengo Otxia txakolina Arrasateko Kajoi tabernan. Tragoxkari laguntzeko, mokadutxoa ere eskaini dute.

Iaz bezala, eta akaso urteroko tradizio bihurtzeko asmoz, aurten ere Kajoi tabernan egin dute Getariako izendapena duen Otxia txakolinaren aurkezpena. Eguerdi partean hasi dira txakolina banatzen eta erraz jotzen duela ikusita, mokadutxoa egiteko aukera ere egon da. Jende mordoxka erakarri du ekimenak. "Asmoa da nolabait kaleko giroa bultzatzea; baita jendeari herrian bertan egindako edaria dastatzeko aukera ematea ere" azaldu digu Otxiaren ekoizle Felix Etxagibelek.

Emaitza ona

Gustura daude aurtengo txakolinarekin. Izan ere, Etxagibelen esanetan  iazko uda eta udaberria aproposak izan ziren ekoizpenerako. "Loraldi garaia nahiko ondo aguantatu zuen, eta uda ere nahiko ona izan zenez, 11-12 gradu lortu du alkohol mailari dagokionez. Konforme gaude horrekin eta jendeak ere oso ona dagoela komentatu digu'' azaldu digu Etxagibelek. Kajoi taberna bertan edo Bedoñako Artazubiaga baserrian egongo da eskuragarri Otxia txakolina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak