Bi milioi eta erdi euro bideratuko ditu Udalak aurten ur-gastuetara

Ubane Madera 2011ko martxoaren 25a

Arrasateko Udalak 2011rako 2.550.000 euroko gastua du aurreikusita ura hornitzeari dagokion tasarengatik. Kopuru horretatik 891.937 euro ura Urkulutik Arrasatera ekartzearengatik ordainduko du. 200.000 euro pasa hobekuntzak egiteko, beste 101.000 euro materiala erosten eta 400.000 euro pasa Ur-Partzuergoari ordaindu beharreko kanona ordaintzen, ur-azpiegiturak finantzatzen laguntzeko.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio, adibidez, langileei ordaindu beharreko soldatak. Izan ere, behin ura Arrasatera ekarrita, Arrasateko Udala bera arduratzen da ur horren banaketaz eta kudeaketaz.

Kontsumitzen den ur kopuruari dagokionez, berriz, 2010eko datuen arabera, Arrasatek 1.284.045metro kubiko fakturatu zuen. Hortik 831.729 metro kubiko etxeetan banatu zen; beste 452.316 metro kubiko industrian eta 272.075 metro kubiko ur-ihesetan joan zen.

Kontsumoa jaitsi

Kontsumoari dagokionez, Arrasateko datuak ikusgarriak izan arren, ez dira ezohikoak. Are gehiago, urteekin kontsumo hori jaitsi egin dela erakusten dute datuek: 2006an 1.524.781 m3 fakturatu ziren eta 2010ean, berriz, 1.284.045 m3. Jaitsieraren arrazoiak hiru dira: krisia, biztanle kopuruaren jaitsiera eta kontsumoan bertan eman den jaitsiera.

Gero eta ur-ihes gutxiago

Joera bera izan dute ur-ihesek, baina kasu horretan are nabarmenago: 2006an ur-ihesa %27,57koa bazen, 2010ean, %17,48raino jaitsiaraztea lortu du Udalak. Kopurutan begiratuta, 580.419 m3 ur-ihes ematen zen 2006an. 2010ean, berriz, 272.075era jaitsi dute. "Kopuru egokia da, %25eko ihesak normaltzat jotzen dituzte orokorrean; eta beste herri batzuekin alderatuta Arrasateko egoera pribilegiatuan dagoela ere esan dezakegu", adierazi du Alberto Loitik, Mantenu Saileko teknikariburuak.

Ur-sarea, sektoreka

Udal ordezkariek azaldu dute Udalak ahalegin handia egin duela horretara iristeko, urtetik urtera ur-sarean etengabeko berrikuntzak eginez. "Urteotako lanik garrantzitsuena ur-sarearen sektorizazioa izan da. Hau da, ur-sarea orokorrean kontrolatu beharrean, guneka kontrolatzen dugu. Horri esker, askoz errazagoa da ur-ihesak detektatu eta konpontzea. Adibidez, orain gutxi detektatu genuen San Andresko Bañez doktorean gauez larregiko ur-kontsumoa ematen zela. Eta atzeman genuen aparatu batean zegoela arazoa. Horri esker, berehala konpondu genuen arazoa, egun gutxitan eta ur-eteterik egin barik".

Izan ere, Udaleko Mantenu Sailean ur-sarearekin lotutako informazio guztia informatizatuta dute. Datuok egunean 24 orduan jasotzen dituzte ordenagailuan, eta horri esker dute ur-sarea kontrolatuta eta konpon ditzakete ur-ihesak egun batetik bestera eta herritarrei eragozpenik eragin barik.

Etxebizitzetako ihesak

Behin hori lortuta, Udalaren hurrengo erronka etxebizitzetako ur-ihesak detektatu eta kontrolatzea da. "Etxe berriak eraiki diren guneetan ikusten da gauean ia ez dela ur-kontsumorik ematen. Etxe zaharretan, berriz, ur-ihesak daude. Eta kontua da Udalarendako oso zaila dela halakoak kontrolatzea, izan ere, ur-kontagailuak etxe barruetan izaten dira Zenbait komunitate edo bizilagun hasi dira kontagailuok etxe azpietara ekartzen eta horri esker ezohiko kontsumoak detektatzea askoz ere errazagoa da guretako", adierazi du Patxi Arburuak, Mantenu Saileko zinegotziak. 

Ur-sare alternatibotik %10

Bestalde, Arrasateko Udalak ahalegin berezia egin du, baita ere, udalerrirako bigarren mailako ur-sarea sortzen. Bi iturburutatik hartutako urak erabiltzen ditu: Beneraskoak eta Bostatekoak. Eta herrian azken urteotan egindako lanak aprobetxatuta, ur horiek bideratzeko sare alternatiboa eraiki du. Dagoeneko herri guztia zeharkatzen duen sarea eraikita dauka Udalak.

Guztira 141.800 metro kubiko ur eskuratu ditu iturburu bi horiei esker, herriko kontsumoaren %10. Benerasko urak, adibidez, igerilekuak elikatzeko eta lorezaintza lanak egiteko erabiltzen ditu. Horrez gain, ur-sare nagusiak kale egiten duenean alternatiba moduan funtzionatuko du bigarren mailako ur-sareak, ur eteteak saihesteko. Eta jakina, horri esker aurreztea ere lortu da Urkuluko uren gastuan.

Eta ur-kontsumoan aurrezteko bide horretan, Udalaren beste ekimen bat izan da herrian ura alperrik gastatzen zen tokietan (Iturbide ondoko monumentuan, Santa Barbara parkean…), ura eten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak