Ford Mugarri liderraren aurka

Mireia Bikuña 2011ko martxoaren 25a

Ford Mugarri Arrasatek denboraldiko partidu inportanteena jokatuko du bihar. Corazonistas liderraren bisita izango dute Iturripen (18:00). Liga bukatzeko lau partidu geratzen dira, eta biharko puntuek balio bikoitza izan dezakete. "Urteko lehia erabakigarriena da. Guk baino puntu bat gehiago dute, baina partidu bat gutxiago jokatu dute. Liderrak dira eta zaila izango da", esan digu Edu Orgaz entrenatzaileak.

Dena den, biharko puntuak inportanteak dira, ez bakarrik lehen postuan egoteko aukera ematen dutelako; baita hirugarren tokian dagoen taldearekiko aldea handitu egin dezaketelako ere: "Lau puntuko errenta dugu Askartzarekin, eta tarte hori mantendu egin behar dugu. Bihar irabaztea ezinbestekoa da hirugarrenarekin dugun aldea, gutxienez, mantentzeko".

Bigarren postua

Jokalari gutxirekin bete du denboraldia Orgazek, eta nekea nabaritzen hasi dira jokalariak. "Une honetan bi jokalari lesionatuta ditugu: Josu Herrero eta Arkaitz Masip. Hori gutxi balitz, gainerako guztiak oso nekatuta daude. Denboraldia luzea da, eta nabaritzen hasi gara", dio arrasatearren entrenatzaileak.
Dena den, gogotsu daude azken txanpari aurre egiteko. Biharko partiduaren ondoren azken helburua argiago edo ilunago ikusiko dute. "Partiduaren aurretik esango nuke helburua dela bigarren postua mantentzea. Biharko emaitzak esango digu lehen postua eskuratzeko aukerak baditugun. Corazonistak taldeak puntu bat gehiago dauka, baina partidu bat gutxiago jokatu dute", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak