Arrasaten oso estimatua da arbigara zenbait etxetan: arbiaren kukulutik irteten diren hostoak –loratu aurretik– plater preziatua dira. Arbia, landarea bera, ganaduarendako jakia izan da betidanik, hau da, neguari aurre egiteko lehengaietako bat zen abereendako. Garai baten ganaduari bi modutara ematen zitzaion arbia: landarea bera garbituta edo garbitu barik. Behien kasuan, esaterako, arbia emateak esnearen kalitatea hobetzen zuela esaten zen hainbat nekazarien artean.
Arbisoroak aurkitzea geroago eta zailagoa
Egun Arrasaten ganadu gutxi dago eta geroago eta terreno gutxiago. Beraz, arbia landatzen duten nekazariak ere geroago eta gutxiago dira; finean, oso zaila da gurean arbisoroak ikustea.
Baserria Garagartza auzoan duen Egoitz Zuazubiskar gazte arrasatearra da salbuespenetako bat; haren ortuan arbiak aurki daitezke oraindik. Hala ere, aitortu digu ez duela arbigarak jateko ohiturarik: "Nire etxean jan izan dira, baina koadrilan, esaterako, lagun batek bakarrik jaten ditu arbigarak. Zenbait urtetan gure ortura etorri izan da arbigarak bere eskuekin jasotzera, harendako gutizia dira-eta". Izan ere, gazteen artean ez da batere ohikoa arbigarak jatea: "Egungo gazteek nahiago dituzte hanburgesak, pizzak eta berehala jateko jakiak ortuko produktu ekologikoak baino", zioen Garagartzako beste baserritar batek.
Arbigarak, angulen parean?
Antonio Bidaburu erretiratua ere iritzi berekoa da, hura ere Garagartzako ortuan harrapatu dugu. Urtero jaten du arbigara: "Niretako ez dira gutizia bat, baina gustatzen zaizkit, gaur [herenegun] jan ditut eta bihar [atzo] ere jango ditut". Arbigara jateko ohitura Garagartzan hasi zela dio: "Lehen ez zen inon ere jaten eta gogoratzen dut nola, ume bat nintzela, nire aita zenak jaten zituela. Inguru hauetan arbigara jaten lehenengotarikoak izango ziren Garagartzan". Galiziarrek ere antzeko barazkia jateko ohitura dutela dio: "Han, antza, badute grelos delako landarea, arbiaren hostoaren modukoa". Arrasaten askok angulen mailako gutiziatzat dauzkate arbigarak; Bidaburuk, ordea, nahiago ditu angulak.
Gutizia moduan hartzearen arrazoietako bat izan daiteke noizean behin jaten zirela. Hau da, arbigarak ez dira izan dilistak, lekak edo patatak moduan; kapritxo moduan jaten ziren hainbat baserritan.
Kalean bereziki preziatuak
Garai baten baserritarrek tabernariei ekartzen zizkien arbigarak eta tabernariek ordainetan txuletak ematen zizkien baserritarrei. Elkarte gastronomikoetan ere hainbat koadrila batzen dira mahaiaren bueltan arbigarak aitzakia hartuta. Orain, arbia landatzen dutenak geroago eta gutxiago direnean, arbigarak oso estimatuak dira kalean. Nekazariendako ganaduaren bazka, kaletarrendako preziorik gabeko gutizia.
Platerera, beti lagunduta
Negu lasaiaren ostean pasa da dagoeneko arbigarak jasotzeko garaia eta orain jakiaz gozatzeko unea da, platerean. Azarekin moduan, txiki-txiki egin eta egosita jaten dira arbigarak. Etxe batzuetan ura birritan edo hiru alditan aldatuta egosten dira; beste batzuk hasierako urarekin bakarrik egosten dute. Garagartzako Etxagibel familian, esaterako, ur bakarrarekin egosten dira –ura ondo kendu behar zaie zartaginera eraman aurretik–. Etxagibeldarrek ez dute arbirik landatzen baina badute jateko ohitura. Hori bai, ohikoena da zartaginean urdaiazpikoaz edo hirugiharraz lagunduta prestatzea. Gainera, arbigarak osasungarriak direla ere esaten da: C bitamina asko, mineralak eta libratze-lanendako ezin hobeak. Zaporez, hori bai, mingotsak dira.