Ahots berezi eta indartsuak gaztetxean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 25a

Irlandako eta Suediako doinuak entzuteko aukera egongo da gaur gaztetxean. Declan de Barra bakarlari irlandarrak eta Holmes suediarrek eskainiko dute kontzertua, 22:30ean hasita. Emanaldia doakoa izango da.

Ez da Arrasaten jotzen duten lehenengo aldia. Orain dela urtebete Gure-Leku tabernan eskaini zuten kontzertua, eta, orduan izandako arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute gaztetxeko lagunek. "Ekitaldia gertukoa eta hunkigarria" izan zela adierazi dute gaurko kontzertua antolatu dutenek.

Hirugarren lana

Declan de Barra abeslariak konposizio bikain eta sentiberak egiten ditu; eta konposaketa horiek ahots berezi indartsu eta ederrarekin uztartzen ditu.

Bizi guztian musikaria eta artista izan dela dio Declan de Barra bakarlariak. Gainera, abeslari izateak mundu osoan bidaiatu eta musikari berriak ezagutzeko aukera eman diola dio. Bakarlari moduan hasi aurretik Australiako Clann Zu taldean egin zituen lehenengo pausoak musikariak.
2005ean Song of a Thousand Birds diskoa argitaratu zuen. Dublingo logela galdu batean grabatu zituen diskoko abesti gehienak; eta gainerakoak, Melbournen.

Holmes suediarrak

Akordeoia, biolina eta metalezko gitarrak uztartzen dituen taldea da Holmes. Country-indie-pop sinesgaitzena jotzen dute gazteok, eta, gainera, abeslariak Neil Young-en ahotsa gogorarazten du. Ukitu berezia ematen die kanta hunkigarri eta goxoei.
Daniel Zackrisson, Kristoffer Bolander, Andre Robsahm, Larisa Ljungkrona eta Johan Björklund dira taldekideak. 2003an Vänersborg hirian sortutako taldea da Holmes. Lehen lana  bost urte geroago atera zuten, 2008an: Wolves. Diskoak harrena ona izan zuen; hala, 2009an Have I Told You Lately That I Loathe You diskoa argitaratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak