2.000 euroko dirulaguntza, Tibeti laguntzeko

Ubane Madera 2011ko martxoaren 29a

Arrasateko Udalak 2.000 euroko dirulaguntza eman dio Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko elkarteari Tibeten lantzen dabilen proiektua finantzatzen laguntzeko. Labur esanda, familia pobreendako eta nomadendako hezkuntza proiektuak lantzen dabil erakunde hori 1990. urteaz geroztik.

Hain zuzen ere, Tibeteko Yushu izeneko herrialdean, familia pobreenen eta nomaden seme-alabentzako, kaleko haurrentzako eta umezurtzentzako eskola eraiki zuen 90. hamarkadan Rokpa erakundeak.

Unibertsitate eta lanerako

Harrezkero ehunka haur eta gazte hartu eta unibertsitaterako edo lanerako prestakuntza eman diete. Eskola horretan heziketa tibeteraz eskaintzen dute: lehen eta erdi mailako ikasketak, eta goi mailako prestakuntza medikuntza tibetarrean.

Lurrikara

Zoritxarrez, joan den urteko apirilaren 14an, 7.1 puntuko lurrikarak jo zuen Yushuko herrialdea, milaka hildako eta zauritu eraginez. Eraikinen %85a eraitsi egin zen eta tartean, Rokpa Euskadi elkarteak eraikitako eskola ere larriki kaltetu zen.

Barrakoietan

Horren ondorioz, elkartea laguntza humanitarioa eskaintzen ibili da azken hilabeteotan. 100.000 euroko aurrekontu orokorrarekin, biktimendako kanpadendak eta oinarrizko asistentzia eskaini dituzte; eta bizirik irten diren erdi eta goi mailako ikasleei beste probintzietako barnetegietan ordaindu dizkiete ikasketak; gaztetxoentzako eta lurrikararen ondorioz gehitu diren umezurtz berrientzako, berriz, aurrefabrikatutako barrakoiak antolatu dituzte ikasten jarrai dezaten.

Rokpa hitzak laguntza esan nahi du tibeteraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak