Nolatan joan zinen Katalunia aldera?
Alde batetik, Barne Diseinu ikasketak bukatzeko asmoz joan nintzen; eta bestetik, mutil-laguna han nuen. Era berean, Katalunian diseinuaren mundua Euskal Herrian baino garatuago dago eta aukera ona zen niretzat hara hurbiltzea. Katalunia diseinu munduan pisu handiko tokia da. Hemen (Katalunian), eraikin bat egiteko orduan garrantzi handia ematen diote proiektu erabilgarri eta funtzionala sortzeari… eta kontziente dira honek espazio bati ematen dion ospe eta izenaz.
Barne diseinuak eta narrugintzak ez dute konexio handirik, ezta?
Bueno… bietan sormen handia eduki behar da. Egia da barne diseinuarekin hasi nintzela, baina, apurka-apurka, zenbait mintegiren bitartez narrua erabiltzen ikasi nuen eta ordutik hona nire zaletasun handiena da.
Zaletasuna izateko, lan handia ematen dizu.
[Barre] Hala eta guztiz ere, oso gustura egiten dudan gauza bat da. Askotan, pieza bat egiteko, astebete buru-belarri egon izan naiz, ordu mordoa, baina orduan ere oso pozik egiten dudan gauza bat da.
Zure piezak originalak dira?
Bai, ez dut manufakturarik egiten, eta, horren ondorioz, diseinu bakoitza ezberdina da. Gainera, urteekin esperientzia hartzen da eta lan osoagoak egiten dira. Narrugintzak ia edozer gauza egiteko aukera ematen du eta oso polita iruditzen zait beti gauza desberdinak sortzen buru-belarri ibili ahal izatea. Gustuko dut gauza ezberdinak egiten ahalegintzea, askotan gaizki irteten diren arren. Beti ikasten da zerbait berria.
Zuk ze narru mota erabiltzen duzu?
Nik behi narrua erabiltzen dut, gehienbat. Batzuetan, ardiarena ere erabiltzen dut. Tindatu egiten ditut; horrela, kolore ezberdineko lanak egin daitezke.
Merkea da?
Narrua oso garestia da eta ordu askoko lana da hura lantzea. Hori dela eta, produktuak nahiko garestiak izaten dira. Hori bai, oso kalitate onekoak dira! Nire ustez, gaur egun ez dago ondo baloratuta egiten den eskulangintza.
Jendeak baloratzen du?
Jendeak baloratzen du egiten dugun lana, baina oso garestia iruditzen zaie. Ohituta daude kataian egindako produktu merkeak erosten, baina uste dut baloratzekoa dela eskuz egindako produktuen kalitatea. Nire ustez, pieza bakoitza altxor txiki bat da, lan eta maitasun handiz egindakoak. Baina produktu bakoitzaren atzean ordu pilo bat dago. Nik ez dut josteko makinarik erabiltzen, dena eskuz egiten dut; artisau lan bat da. Jendea prezio merkeetara ohitu da, eta, eskuz egindako lanek txalo handiak jasotzen dituzten arren, gero horiek saltzeko zaila izaten da.
Artisautzat daukazu zure burua?
Uf... Ez dakit, ba, zer esan. Nire produktuak eskuz egiten ditut eta teknika zaharrak erabiltzen ditut egiteko, baina artisau hitzari errespetu handia diot.
Erdi Aroko azoketan ibili zara?
Ez, artisau azoketan bakarrik. Arrasaten, adibidez, santamasetako artisau azokan, emakume azokan... Toki askotan saltzen ditut nire produktuak, baina ez da lan erraza, postuak gastu asko izaten ditu-eta.
Eta data horietatik kanpo, nola lor daitezke zure produktuak?
Katalunia eta Arrasate artean ibiltzen naizenez, ez zen erraza gertatzen, eta horregatik www.narrugintza.eu webgunea sortu nuen. Orain, bertatik kudeatzen ditut jendearen eskaerak.