Ainhoa Eraña: "Aste barruan spinningeko klaseak ematen ditut Antzuolan; hori da nire entrenamendua"

Xabier Urtzelai 2011ko martxoaren 24a

Ainhoa Eraña (Arrasate, 1984) orain dela bi urte hasi zen bizikleta martxetara joaten: "Besaidek urria inguruan antolatzen duena izan zen lehena, eta neurri batean, engantxatu egin nintzen". Hala, Erañak hasieratik erakutsi zuen mendiko bizikletan ibiltzeko dohaina zuela, abila jaitsiera teknikoetan, eta aldapa gora ere ondo. Aurten, martxetatik lasterketetara pasa da, Aramaion egin zuen lehena.

Zer moduz sorbalda hori?
Oraindik minduta, kolpe handia hartu nuen, antza. Lasterketa hasi eta berehala erori nintzen lurrera, lehenengo kilometroa izango zen, eta oraindik beste 19 nituen aurretik. Momentuan, berotan, aurrera egin nuen, baina azken itzulian igartzen nuen sorbalda minduta, eta helmuga gurutzatzearekin batera anbulantziakoengana joan nintzen. Orain geldi egon behar.

27 urterekin hasi zara lasterketetan parte hartzen; ez da ohikoena.
Ez, hori egia da, jendea gazteagotan hasten delako lasterketetan parte hartzen. Horregatik, aurtengo helburua ahalik eta gehien ikastea da.

Zelan eman duzu lasterketetan hasteko pausoa?
Anaiarekin hasi nintzen bizikleta martxetan parte hartzen, eta iaz Gueñesen egiten duten (Bizkaia) lasterketa batera eraman ninduten anaiak eta mutil-lagunak. Eta, irabazi egin nuen proba. Mutilaguna Debakoa da, eta hango lagunei komentatuta, Amaikak Bat taldekoek euren taldeko kide izateko proposatu zidaten.

Deba Itziar Xtrem taldean zaude; zer moduz?
Oso ondo, bikain hartu naute. Azterketa medikua, arropak... erraztasun guztiak eman dizkidate, eta lasterketa amaitutakoan ere deitu egin zidaten zer moduz ibili nintzen galdetzeko. Oso ondo zaintzen naute [Barre].

Zer moduz moldatzen zara neguan entrenatzeko?
Egia esan, oso ondo ez, aste barruan ez dudalako bizikletan ibiltzeko astirik izaten. Hala, astean birritan espinning eskolak ematen ditut Antzuolan, eta hori izaten da nire entrenamendua. Orain etxean entrenatzeko errodillo bat oparitu didate, eta tarteka hor ibiltzen naiz.

Mendiko bizikletarekin batera, errepidean ere ibiltzen zara?
Orain hasi naiz, baina bost irteera baino ez ditut egin. Mutil-lagunari asko gustatzen zaio errepideko bizikletan ibiltzea, gustua hartu dio, baina nik, orain behintzat, ez nuke mendikoagatik aldatuko. Dena dela, ondo entrenatzeko baliagarria da errepideko bizikleta.

Ze erronka duzu aurten?
Berez ez daukat aparteko helbururik ezarrita. Ondo pasatzea, bizikletaz gozatzea, eta lehiaketetako lehenengo urtea denez, ahalik eta gehien ikastea.

Kanpora lehiatzera joateko asmorik bai?
Egia esan, ez. Aurten Bardenas Xtreme proba egin nahi dut, eta Quebrantahuesos probarako ere apuntatu naute; serio hasi beharko dut errepidean ibiltzen. 

Mendiko bizikletan ibiltzeko parajerik?
Arrasateko inguruak, adibidez. Besaidekoek antolatzen duten martxara joan naizenetan ezagutzen ez nituen bidezidorretatik ibili naiz, eta izugarri gozatu dut. Mutil-lagunari nik erakutsi dizkiot hemengo bazterrak; Deban baino aukera handiagoa dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak