Jesus Romero: "Jaten dugunaren %60k landare erreinukoa izan beharko luke"

Ubane Madera 2011ko martxoaren 23a

Sasoiko produktuekin egindako errezetak aurkeztu zituen Jesus Romerok hilaren 19an, baserritarren azokan. Bada, sasoian sasoiko produktuak erabiltzea gomendatzen du Jesus Romero sukaldariak, dieta orekatua lortzeko.

Zer da sukaldaritza naturala?
Erraza da. Sasoiko jakiak hartu eta estazioen zikloak jarraitzea da haren gakoa. Klimak asko eragiten du elikaduran. Neguan, adibidez, gorputza berotzen duen elikadura behar da, eta udan gorputza freskatzen duena, garbitu egiten duena. Elikadura naturalak sen onarekin du zerikusia. Sasoian sasoiko barazki, arrain, okelak… jatearekin. 

Hori ez da alperrik galtzea saltokietan dagoen eskaintza oparoa?
Gaur egun jakinekoa da prozesatutako, ontziratutako edo findutako gurinak dituzten jaki ugari jatea ez dela elikadura orekatua. Larregi kontsumitzen ditugu opilak eta halakoak; ikustea besterik ez dago mota horretako zenbat kafetegi zabaldu dituzten. Norberak aukeratu beharko du zein elikadura aukeratu. Baina AEBtako biztanleen %60 gizena da, eta hemen ere gero eta arazo handiagoa dugu. Gero eta barazki, fruta eta karbono hidrato gutxiago jan eta animalien proteina eta gurin findu gehiago jaten ditugu. Hori ez da orekatua. Bestalde, jendeak gaur egun ez daki kozinatzen: errobotak erosten dira, mikrouhinak… Berotu eta kito. Ez dugu astirik ezetarako, bakarrik lanerako.

Zer behar du gure gorputzak?
Batez ere karbono hidratoak. Barazki, lekale, zereal eta frutak asimilatzen ditu hobeen, eta okelak, arrautzak, esnekiak, arrainak… gutxiago jan behar ditugu. Jaki gehienek landare-erreinutik etorritakoak behar lukete, eta aldrebes gabiltza, gehiago gustatzen zaizkigulako besteak. Beharko litzateke %60 landare-erreinutik eta %40 animalien-erreinutik. Sukaldaritza eskoletan ahalegintzen gara erakusten kozinatzen landare-erreinuko errezetak. 

Zer lantzen duzue?
Elikadura orekatuagoa. Elikadurak osasunean duen eragina lantzen dugu. Zela hobetu nezakeen elikadura, ea zerbait aldatu gura dudan, gustura nagoen nire elikadurarekin… Gaur egun, zorionez, gero eta garrantzia gehiago ematen zaie halakoei; ikustea besterik ez dago zenbat sukaldaritza programatan sartzen dituzten nutrizionisten aholkuak… Bestalde, udaberria datorrenez, pisua kendu gura dutenei menuak prestatzen dizkiegu; metabolismoa jakiak erabilita orekatzen ahalegintzen gara. Eta funtzionatzen du. Lehenengo garbitzeko dieta ipintzen diogu eta gero mantentzekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak