Hamar lanpostu betetzeko oposizioak egingo ditu Arrasateko Udalak

Ubane Madera 2011ko martxoaren 22a

Funtzionario izaerako hamar lanpostu bete gura ditu Udalak: lau udaltzain, bi gizarte laguntzaile, bi administrari, ehorzlea eta ezgaitasunak dituztenendako erreserbatutako administrari lanpostua. Horrez gainera, arkitekto teknikoen lan-poltsa ere osatu gura du. Uda aurretik egingo dituzten lehenengo azterketak.

Funtzionario lanpostuen kasuan, oposizioak deituko dituzte, baina oraindik ez dituzte datarik zehaztu. Izan ere, halako prozesuek pauso burokratiko jakin batzuk eskatzen dituzte, eta horiek bete behar dira azterketak deitu aurretik.

Oinarriak, datorren astean

Gauza bera gertatzen da lanpostuetara aurkezteko bete beharreko baldintza edo oinarriekin. Argitaratu barik daude. Edozelan ere, datorren asterako oinarriok Arrasateko Udalaren webgunean argitaratuko dituzte: arrasate-mondragon.org.

Lehen azterketa, uda aurretik

Bestalde, Udaleko Pertsonal Sailetik aurreratu dute uda aurretik egingo dituztela lanpostu gehienei dagozkien aurrenengo azterketak. Froga teorikoak izango dira. Eta aurreratu dute, baita ere, administrari, ehorzle eta udaltzainen kasuan Arrasateren gaineko gaiak izango direla landu beharko dituztenetako batzuk: Arrasateko historia, kale izendegia eta beste.

Lan-poltsa

Arkitekto teknikoen lan-poltsari dagokionez, berriz, kasu horretan zehaztuta dago izenemate epea noiz zabalduko duten: zapatuan (martxoaren 26an) hasi eta hurrengo egubakoitzera arte, apirilaren 1era arte. Eta lanpostu horri dagozkion oinarriak gaur bertan (martitzena) argitaratuko dituzte Udalaren webgunean. Azterketaren data, berriz, lan-poltsarako izena ematen duen jende kopuruaren arabera finkatuko dute.

BAZekoek azterketa

Bestalde, etzi eguena, dute aurrenengo azterketa Biztanleen Arreta Zerbitzuko lan-poltsa osatzeko izena eman dutenek. 09:00etan dute hitzordua, Kulturateko areto nagusian. 121 lagunek eman du izena, eta aurrenengo froga euskararekin lotutakoa denez, 40 bat lagun daude azterketa horretara deituta.

Martxoaren 30ean, bigarrena

Lan-poltsa horretako bigarren froga, berriz, hurrengo astean egingo dute, martxoaren 30ean. Froga teorikoa izango denez, jendetsuena izango dela aurreikusten dute udal ordezkariek. Hori horrela, Uarkapen egingo dute bigarren azterketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak