17:00etan Biteri plazan hasiko dira zapatuan altxorraren bila erraldoia egiten, 12-17 urte bitarteko gazteek. 80 lagunendako lekua dago, eta kontuan hartuta iaz parte-hartze kopurua bete egin zela, komeni da izena emateko bizkor ibiltzea. Izan ere, egunean bertan ere eman daiteke izena (17:00ak aurretik), beti ere, "lekurik balego", Txatxilipurditik esandako moduan.
Hezitzaileak mozorrotuta
"Herri guztian zehar pistak jarraituz eta pertsonaia ezberdinek proposatutako frogak gainditzen duen lehen taldeak irabaziko du altxor preziatua", kontatu dute Txatxilipurditik. Hain zuzen, Txatxilipurdiko hezitzaileek beteko dituzte "pertsonaia ezberdinen" paperak, mozorrotuta. Froga bat gainditu ostean eskuratuko dute, berriz, pista berria gazteek. Eta pistak argitu ahala gerturatuko dira altxorrera.
Erdigunea Piztu ekimenaren barruan antolatu du Txatxilipurdi elkarteak altxorraren bila erraldoia. Iaz arrakasta gehien izan zuen ekimenetariko bat izan zen berau.