Lehenago ere Abaroa zen Arrasaten bazkide gehien zituen egoitza. Ba orain, zenbait egunetan, kabitu ezinda ibiltzen dira bazkideak. "Aratusteetan, adibidez, 500 lagun pasa etorri ziren, eta ez ziren guztiak kabitzen dantza egiteko. Eta iluntzetan, 18:00etatik aurrera oso zaila izaten da mahairen bat libre harrapatzea, batez ere, karta-jokorako. 122 lagunendako lekua dugu eta 61 jarleku tolesgarri ipinita ere, guztiak ez dira kabitzen", kontatu du Jose Rivierek, elkarteko presidenteak. "Herriko beste egoitza batzuetakoak handik borratu eta hona etorri dira. Adibidez, Musakolatik, Uribarritik"… gaineratu du.
Bestela, instalazioak ondo daudela dio presidenteak: "Dena hobetu daiteke, baina txiki izateaz aparte, jendearen iritzia da ondo dagoela".
Diru gehiago
Rivierek uste du egoitzaren berritasunak erakarri dituela erabiltzaile berriak, eta zailtasunak zailtasun, pozik dago: "Diru gehiago dugunez, gauza gehiago egiteko aukera ematen digu".
Hala ere, horren harira, adierazi du eskari guztiak erantzuteko zailtasunak dituztela: "Dantza eta bingoa gura dute, adibidez, eta momentuz, ez gara ailegatzen gaur egungo zuzendaritza. Zortzi lagun gaude, hiru badoaz…ea datorren martxoaren 28ko batzarrean gutxienez beste hiruk ematen duten izena…"
Itoginak
Bestalde, kexu da baita ere, sei hilabetetik hona eraikin berrian azaldu diren itoginekin borrokan dabiltzalako. Udaleko ordezkariei abisatu dietela kontatu du Rivierek, baina oraindik ere zain daudela. Udalean galdetuta, berriz, han garrantzia kendu diete itoginei: "Ez dute bestelako garrantzirik. Teilatuak hainbat plaka ditu eta bigarren plakan, airea berotzeko sisteman azaldu dira itoginak, baina kontrolpean daude. Amenabar enpresakoak jakitun dira, eta espero dugu laster konponduko dituztela itoginok", jakinarazi dute Arrasateko Udaleko Obra eta Zerbitzu Sailetik.