Lapurretak ugaritu egin dira Mondragoen

Ubane Madera 2011ko martxoaren 18a

Azken bi hilabeteotan pilatu egin da Arrasaten lapurreta kopurua. Azkena, herenegun gertatu zen Musakolako Meneta tabernan. Diru-makinako dirua eta tabako-makinako tabakoa eta dirua lapurtu zizkieten. Honek guztiak kezka eragin du Mondragoen.

Menetakoek emandako xehetasunen arabera, atzeko leihotik sartu ziren lapurrak, leihoko burdinazko hesia apurtu ostean. Goizean jabetu ziren gertatutakoaz, taberna zabaltzera joan zirenean, eta berehala deitu zioten poliziari. Une honetan lapurreta Ertzaintzaren eskuetan dago eta gertatutakoa ikertzen dabiltza.

Hiru urteran, hiru bider

Gainera, Meneta tabernaren kasuan hiru urtean hiru bider lapurtu diete, hiru kasuetan, gainera, otsaila eta martxo inguruan. Orain hiru urte errumaniar batzuk atxilotu zituzten lapurretaren harira; kasu hartan ate nagusitik sartu ziren. Azkeneko bi aldietan, berriz, atzeko leihotik sartu dira lapurrak; orain dela bi urte leihoaren markoa guztiz kendu ostean eta oraingo astean, esandako moduan, leihoaren hesia apurtu ostean.

Beberly, Plus Ultra, Portaloi optika...

Bestalde, martxoaren 2an, auzo berean, Musakolan, Beverly tabernan egin zuten lapurreta, eta gauza bera lapurtu zuten, gainera: diru-makinako dirua eta tabakoa eta tabako-makinako dirua, beraz, aukera handia dago lapur berak izateko. Pertsiana apurtu eta leihoaren kristala apurtuta sartu ziren.

Otsailaren 27an, berriz, Maala kaleko Plus Ultra tabernan sartu ziren eta kasu horretan ez zuten dirua bakarrik eraman; izan ere, urdaiazpikoak, botila batzuk eta telefonoa lapurtu zuten; horrez gainera, diru apur bat, diru-kutxan zegoena.

Eta Erdiko kaleko betaurreko-denda ere bisitatu dute lapurrek, Portaloi optika hain zuzen ere. Ertzaintzak emandako xehetasunen arabera, kasu horretan otsailaren 16an sartu ziren eta betaurreko mordoa eta dirua eraman zuten lapurrek, sarraila indarrez apurtu ostean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak