Sasoiko produktuak sukaldatuko dituzte azokan

Ubane Madera 2011ko martxoaren 18a

Berritasunekin dator bihar, zapatua, baserritarren azoka: baserritarrez gainera, sukaldari bat izango da Seberren, baserritarren denboraldiko produktuekin errezeta bereziak prestatzen; Jesus Romero. Hain zuzen, berak prestatutako jakiak pintxo eran dastatu ahal izango dira 10:00etatik aurrera. Eta zenbait plater erosi ere egin ahal izango dira, etxera eramateko.

Pintxoei dagokienez, azokan erosketa egiten duten guztiei bono bana emango diete pintxoa doan eskuratzeko. Eta gainerakoek aukera izango dute pintxoak erosteko, "arrazoizko prezioan", antolatzaileen esanetan.

Sasoiko produktuak kontsumitu behar

Horrez gainera, prestatutako jakien errezetak eskuratu ahal izango dira, eta zalantzak edo nutrizioarekin lotutako jakinminak galdetu sukaldariari, Jesus Romerori. "Plater batzuk aurretik prestatuta ekarriko ditu, eta beste batzuk bertan prestatuko ditu, garrantzia emanaz sasoian sasoiko produktuak kontsumitzen ahalegindu behar garela, horrek dituen onurak…bera aditua da,  eta horren gaineko azalpenak emango ditu", adierazi du Marga Garmendia udal teknikariak eta azokako antolatzaileak.

Bost plater

Honako platerak prestatuko ditu Jesus Romero sukaldariak: barazki krema edo zoparen bat; arroz eta txanpinoiek betetako zerbak azenario saldarekin; kalabaza eta hurrekin egindako patea; porruekin eta "oilo zoriontsuen" (estres bakoak) arrautzekin egindako flana, eta berakatz fresko, borraja eta artoarekin egindako arrautza nahaskia, egositako patatarekin.

Lore-saltzaileak

Bestalde, udal teknikariak aurreratu du datorren hilean beste berritasun bat izango dela azoka horretan: lore-landara saltzaileak. "Lurrarekin zerikusia dute, baserri batzuetan ekoizten dira lore-landareak eta uste dugu horrek azoka ilustratu egingo duela". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak