Anaki-k badu marrazki bizidunekin antzekotasuna. Istorioa supermerkatuan hasten da, Anaki oso apetatsu agertzen da amaren aurrean, guztia nahi du; gozokiak, izozkiak… Amak une batez bakarrik utzi eta Anaki supermerkatutik joango da, txanpon bidez mugitzen diren makina-barraka horietara iritsi arte. Kotaro izeneko barrakak arreta eman eta bertan txanpona botako du Anakik. Kotarok hegaz egiteko gaitasuna du zerutik haratago, eta txanponak behar ditu aurrera egiteko. Gozokien planetan Anakik gogor egin beharko du lan txanponak lortzeko. Antzezlanean lantzen diren gaiak hauek dira: elikadura osasuntsuaren garrantzia eta saria lortzeko esfortzua egin beharra, besteak beste. Bidaiatik bueltan, amaren ezusterako, Anakik hasierako apetatsu jarrera hori erabat aldatu du behin betiko.
Umeek hainbat bidetatik kontsumorako estimulu mordoa jasotzen dituzte; eta Anaki-k horiek guztiak gaindituko ditu.
Teknologia berriak
Logela Multimediak bi urteren ostean egin duen ekoizpena da Anaki. Teknologia berrien alorrean hamar urteko ibilbidean ikasitako teknika eta esperientzia onena ume eta gazteenei zuzendutako lanaren zerbitzura jarri dute. Euren esanetan, Logela Multimediak "inoiz ekoiztu duen lan konplexuena eta teknikoki zailena" da Anaki.
Ikus-entzunezkoetako askotariko diziplina artistikoak antzerkira eraman dituzte Logelako kideek. Hala, bideoa, animazioa, argiak, soinua, musika, zuzeneko aktoreen ekintzak… guztiz sinkronizatuak daude, mundu digital organikoa taula gainean sortuz eta komunikazio molde berrietan sakonduz. Inspirazio iturri asko erabili dituzte. Aipagarrienak, gidoi eta estetika aldetik, Tim Burton eta Hayao Miyazak zuzendariak dira.
Aktore arrasatearra oholtza gainean
Amaia antzokiko taula gainean Amaia Lizarantzu aktore arrasatearra arituko da; eta bidaia lagun izango du Kotaro robota.
Antzezlana zapatuan izango da, 17:00etan, Amaian. Sarrerak salgai daude Kutxako atarian –www.generaltickets.com–, 4 eurotan.