Udal brigada taldekoek zuloak eginda eta zuhaitz kimu bana zuloetan sartuta zituztela iritsi dira Arizmendiko eta Herri Eskolako 6. mailako neska-mutikoak landaketa lanak egiteko gertu. Lan handiegirik ez dute egin behar izan, beraz, baina hori bai, gogo handia ipini dute zuhaitz kimuak landatzerakoan, eta gehienek naturaren eta zuhaitzen gainean ikasteko baliatu dute gaurko ekimena. Erretiratu batzuen laguntza ere izan dute lan horretan.
Ikasleak gustura
“Gustura ibili naiz eta ekimen polita iruditu zait, natura gustatzen zaidalako”, kontatu du Malenek. “Ondo egiten saiatu gara eta hemendik urte batzuetara baso polita izango dela uste dut, adierazi du Amaiurrek. “Ni inguruan bizi naiz eta bisitan etorriko naiz, basoa zela doan ikustera”, gehitu du Magalik. “Zuhaitz batzuk ezagutzen ditut, nire aitak ortua dauka Garagartzan eta ibiltzen naiz tarteka”, esan du lotsati Liherrek.
Lana bukatuta, hamarretakoarekin eta opari-oroigarri batekin borobildu dute Zuhaitz Eguna neska-mutikoek: Emausen egindako estutxea, Sin Desperdicio markakoa; hori ere naturarekin lotutakoa, beraz.
Baso politak sortu
Pello Garaik Ingurumen Saileko teknikariak aitortu du neska-mutikoek egindako lan polita, eta azpimarratu emaitza ere baduela lan horrek, herriko beste gune batzuetan urte guzti hauetan ikusitako moduan, “baso politak” atera direlako.
Leku berri bila
Hori bai, horrenbeste urtetan zuhaitzen landaketa bultzatzen ibili ostean, Udala lursail publiko barik geratu da behe inguru honetan, beraz, “datorren urtean Kurtzetxiki, Hidalgobaso edo mendian dagoen halako beste lekuren batera joan beharko dugu”.