Juan Luis Arkauz: "Koadrilek bat egin dute Aratusteekin eta hori guretako oso pozgarria da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko martxoaren 13a

Bi urte daramatza Juan Luis Arkauzek (Aretxabaleta, 1955) Arrasateko SUDC elkarteko presidente lanetan; herrian protagonismo berezia du elkarteak, hamaika ekitaldi antolatzen ditu-eta urte osoan. Bada, atzean utzi berri ditugun Aratusteen, SUDCen urteroko hitzorduen eta elkarte gastronomikoetako gorabeheren gainean galdetu diogu.

Nola daude osasunez Arrasateko Aratusteak?
Osasuntsu daude. Zapatuan oso giro ona egon zen. Guretako pozgarria da, lehen Aratusteak martitzenean bakarrik ospatzen ziren-eta. Koadrilek bat egin dute jaiarekin eta txalogarria da Aratusteetako batzordeak hori lortzeko egin duen lana. Gu geu ere azken bi urteetan mozorrotu izan gara zapatuan; aurten, gainera, eguraldi ona egin du eta horrek asko lagundu du.
Martitzenean ere oso giro ona egon zen. Ohikoa den moduan, haurrak izan ziren protagonista, baina guraso asko ere mozorrotu ziren. 

Sardinaren hileta zuen ardura da. Noiztik egiten duzue? Nork egiten du sardina?
Bi urte daramat SUDCeko presidente eta hamar urte baino gehiago elkarteko idazkari moduan. Bada, betidanik ezagutu izan dut sardina erretzearen ohitura.
Crisanto Margusino arrasatearrak egin izan du sardina 30 bat urtean, eta, 2009ko udan hil zenez, azken urteetan guk egin dugu. Aurten, adibidez, dagoeneko erretiratu diren lagun eta koadrilako batzuek adierazi ziguten eurek egingo zutela, eta guretako oso pozgarria izan da. Denbora-pasa moduan egin dute eta gustura aritu dira. Gainera, hiletaren ostean hainbat herritarrek esan digute sardina oso ondo eginda zegoela. 250 kilo inguru izango zuen eta 12 bat lagun behar izan ziren eramateko.

Baina sardina erretzeaz gain, SUDCek hamaika ekintza antolatzen ditu urte osoan.
Sardinaren hiletarekin hasten gara, hori da urteko gure lehen hitzordua. Gero, elkarteen arteko mus txapelketa egiten dugu; urtero hainbat bikotek hartzen dute parte eta Txalapartan jokatzen den finalean giro aparta egoten da. Aste Santuan, berriz, doke txapelketa egiten dugu. Lehen jardunaldian gaztetxoek jokatzen dute, baina, egia esan, haur gutxik hartzen dute parte. Pozgarria litzateke dokea txikienengana ere zabaltzea, historiaz jositako joko horren etorkizuna bermatzeko.
Helduen artean, berriz, elkarte ezberdinetako hainbat jokalari batzen dira. Elkarteetako txapeldunak Udaleko ordezkarien aurka lehiatzen dira, egun horretan jango diren sardinak eta edango den ardoa nork ordaindu erabakitzeko.
Bestalde, erretiratuen bazkaria ere antolatzen dugu: 1.000 lagun  inguru batzen ditugu mahairen bueltan, Musakolako kiroldegian. Eta azkenik, ezgaitasun fisiko eta psikikoa dutenekin ere festa  bat egin ohi dugu. Eta noski, hor dago Sanjuanetako danborrada. Aurten 50 urte beteko ditu danborradak eta zerbait berezia antolatu gura dugu. Udalarekin bildu behar gara, elkarlanean zerbait antolatu dezakegun ikusteko. Datorren astean egin dugu hitzordua, hilaren 16an.   

Hamaika ekitaldi antolatzen dituzue baina ezin dugu ahaztu elkarte gastronomikoen elkartzetik sortu zela SUDC. Bada, orain pil-pilean dago tabakoaren legea. Zuen kasuan nola dago auzia?
Elkarte gehienak orain dabiltza batzar nagusiak egiten. Oro har ez da erabakirik hartu, prozedura arazoak direla-eta. Guk uste dugu oraingoz behintzat, erretzen jarraituko dela. Hori bai, badakigu bi elkarteetan dagoeneko debekatu egin dela erretzea. Niri iritzi pertsonala da haurrak-eta egoten direnez, debekatu egin beharko litzatekeela.

SUDCen azken erronka, baina, euskara elkarteetan sartzea da.
Hala da. Herrian euskaraz egiten dela ikusten dugu baina elkarteetan, oro har, ez da egiten. Euskara elkarteetan ere sartu gura dugu eta dagoeneko hasi gara euskara plan horren berri ematen. Arrasateko 18 edo 19 elkartek dagoeneko baiezkoa eman diote proposamenari eta beraz, nahiko itxaropentsu gaude proiektu berriarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak