2009ko ekainean argitaratu zuen Bebek Y. diskoa. Pa fuera telarañas lehenengo diskoarekin apurtzen du, ez da jarraipen hutsa. Pop minimalista da disko berriko musika. Bebek bere barrenean bilatu du letrak laguntzeko musika samurra.
Y. diskoko single ospetsuena Busco me da. Diskoko ekoizle Carlos Jeanek lan bikaina egin du abestiarekin baxua eta gitarra elektrikoa modu egokian sartuz. Pa mi casa diskoko abesti alaienetako da. "Orain etxera itzuliko naiz, eta agur esango dizut; izan ere, garai baten izan nintzen neska izateko gogoa daukat", dio abestiak. Festa giroko abestia da, eta mediterraneoko swing ukitu argia dauka.
Bebe ausartena
Bebe ausartena erakusten du ukitu brasildarra duen Bicha abestiak. Sexuaz berba egiten du Bebek abestian, modu esplizituan, gainera.
Me fui abestia ahots hutsarekin hasten du Bebek. Ahotsaren goxotasunari Diego Pozoren gitarra doinuak gehitzen zaizkio, eta poliki-poliki abestiak beste erritmo batzuk hartzen ditu, tartean reggae doinuak. Pa fuera telarañas diskoa bezala, Y. diskoa ere Carlos Jeanek ekoiztu du.
2004an arrakasta lortu zuen
Pa fuera telarañas lehenengo diskoarekin izugarrizko arrakasta lortu zuen Bebek. 2004an Ondas saria jaso zuen; 2005ean Grammy latindarra irabazi zuen; eta, urte berean, Musikaren sarietan lau sari eroan zituen. 500.000 disko baino gehiago saldu zituen eta bost platinozko disko lortu zituen.
Arrakasta horren aurrean, 2007an, dena utzi eta bidaiatzea erabaki zuen. Hala, bi urtez ideiak hartu eta deskantsatzen egon ostean, 2009an disko berria kaleratu zuen. Disko berriko abesti bakoitza bidaia hartan jasotako egoera emozionalen isla dela esan daiteke.
Dagoeneko hirugarren diskoa prestatzen dabil Extremadurako abeslaria Phil Manzanera britainiarraren laguntzarekin.