70eko hamarkadako musika ekarriko du Sham 69 taldeak Arrasatera

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 11

Sham 69 talde britainiarra entzuteko aukera egongo da bihar, zapatua, gaztetxean. 70eko hamarkadako taldeak oi! musika egiten du. Milan, Erroma, Bartzelona eta Madrilen jo ostean, gurera etorriko dira Who killed Joe public? bira aurkeztera.

1975ean sortutako taldea

Jim V., Al Campbell, Jan Whitewood eta Dave Parsonsek osatzen dute taldea. 1975ean sortu zuten Sham 69, Hersham hirian, Dave Parsonsek eta Jimmy Purseyk. Punk munduan erreferente izan dira britainiarrak, eta oi!-street punk estiloan aitzindariak. Euren musikak eragina izan du gaur egungo oi! musika taldeetan.
1977an argitaratu zuten lehenengo lana: I Don't Wanna. Ordutik hona, hainbat disko eta lan bilduma argitaratu dituzte. If The Kids Are United, I Don't Wanna eta Hurry Up Harry dira, besteak beste, talde britainiarraren abesti esanguratsuenak.
Esperientzia handia dute Sham 69 taldeko mutilek.

Arrasateko taldea

Britainiarrez gain, The Convicts talde arrasatearrak ere joko du gaztetxean. Punk-rock musika egiten dute Andonik (ahotsa), Oihanek (baxua), Raulek (gitarra) eta Unaik (bateria).
2007ko udaberrian sortu zuten taldea, musikarekin gozatzeko asmoarekin. 2007ko irailean hasi ziren kontzertuak eskaintzen; ordutik hona, kontzertu asko eskaini dituzte. 2010eko irailean argitaratu zuten arrasatearrek lehen lana: Hesiaren atzean. Salgai dago 3 euroren truke.
Biharko kontzertuak punk eta oi! doinuak izango ditu. Britainiarrez eta arrasatearrez gain, Azkoitiko Pillhead eta Donostiako NPJ –Nacidos Para Joder–taldeek ere joko dute bihar gaztetxean. Bi taldeek punk-rock musika egiten dute.
Nacidos Para Joder taldeak diskoa grabatu berri du; eta, hain zuzen, Arrasaten eskainiko dituzte disko berriko abestiak donostiarrek.

Kontzertua 21:30ean

Kontzertua bihar izango da, zapatua, 21:30ean, gaztetxean. Sarrerak salgai daude 5 euroren truke Irati tabernan eta Lazkano musika-dendan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak