Mundurako saltoa eman du, beraz, Arrasate Irratiak, eta den-denon eskura ipini ditu Arrasateko eta inguruko albisteak, gureko protagonistak, eguraldiaren eguneroko iragarpena, opariak… Hain justu ere, Igo Autobusera zuzeneko irratsaioa da Arrasate Irratiaren muinetako bat; musika da bestea.
Zuzeneko irratsaioari dagokionez, egunero 10:30etik 11:30era arte jarduten dute mikrofonoaren aurrean Aitziber Aranburuzabalak eta Oihana Elortza esatariek, eguneko protagonistak eta gertakariak irratiko uhinetara ekartzen.
Albisteak, orduro
11:45etik aurrera, berriz, orduro Arrasateko eta inguruko albisteak entzuteko aukera ematen du 107.7 frekuentziak, egunak emandakoak laburbilduz. Hortik aurrera, 14:00etan, 17:00etan, 19:00etan eta 22:00etan, atzera ere Igo Autobusera irratsaioa bideratzen da gure uhinen bitartez, arratsaldeko entzuleendako.
Asteburua eta musika
Eta asteburuetan, 10:00etan hasita, asteak emandako elkarrizketarik esanguratsuenak batzen duen bilduma izaten da, Asteko Gainbegiratua izeneko irratsaioaren bitartez.
Egunak eta gauak dituen gainerako orduak, berriz, musika bitartez gozatzen ditu Arrasate Irratiak, batez ere, euskal musika oinarri hartuta.