Guardia Zibilak hildakoen aldeko plaka ez da iraingarria

Ubane Madera 2011ko martxoaren 10a

Oraingo astean jakinarazi du Donostiako Administrazioetako 3. epaitegiak Udala plazan Jose Mari Iturrioz Zapa, Roberto Aranburu eta Emili Larrearen alde dagoen plaka zuzena dela, edo ez dela iraingarria biktimendako. Bestela esanda, epaitegiak Arrasateko Udalaren errekurtsoa onartu eta arrazoia eman dio, Ertzaintzaren errekerimenduaren kontra.

Roberto-Zapa eta Emiliren enparantza inskripzioa du Udala plazako plaka horrek; Guardia Zibilak 1978an hil zituen hirurak gogoan. Komando Autonomo Antikapitalistako kideak ziren Roberto eta Zapa, eta poliziarekin izandako tiroketan hil zituzten; eta Emili Larrea arrasatear gaztea ere harrapatu zuen tiroketak.

Biktimen Legea

Bada, hiruren aldeko plaka hori kentzeko errekerimendua egin zuen Ertzaintzak 2009ko irailaren 10ean. Izan ere, badira bi urte, Biktimen Legearen aginduz, biktimendako iraingarri izan daitezkeen pintada eta bestelakoak zaindu, salatu eta kentzeko errekerimenduak egiten dabilela Herrizaingo Saila.  

Bi urtean 50 errekerimendu

Arrasateko kasuan, halako 50 errekerimendu jaso ditu bi urtean, bereziki, herriko hainbat tokitan azaldu izan diren pintaden harira. Behin errekerimenduak aurkeztuta, Udalak 24 ordu izaten ditu haiek kentzeko eta kendu ere egiten ditu. Hala ere, errekurtsoak aurkezteko eskubidea ere badu herriko erakunde gorenak, eta Udala plazako plakarekin hala egin zuten. Esandako moduan, Donostiako auzitegiak onartu egin du Udalaren errekurtsoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak