"Iaz azkarrenak hamar minutu baino gutxiago behar izan zituen proba egiteko, baina helburua ez da azkarrena izatea, parte-hartzea, baizik. Hala, proba egiteko denbora gehien behar izan zutenek 20-25 minutu egin zituzten, lagun giroan, korrika oso lasai eginez", adierazi dute AUKEAtik.
Horrek erakusten du gogor entrenatzera ohituta ez dagoenak ere lasai asko egin dezakeela biharko Takarraran. Hala, izena ematera aurrez animatu ez direnak oraindik garaiz daude proban parte hartzeko, antolatzaileak 12:00ak inguruan izenak hartzen egongo dira-eta. Lasterketa Portaloian hasiko dute, eta izena emateko ez da ezer ordaindu behar.
Deialdia, ibarra osora
Takarraran da Debagoienean emakumezkoei zuzenduta dagoen lasterketa bakarra, eta antolatzaileek deialdia Debagoiena osora zabaldu nahi izan dute; iaz Elgetatik ere animatu ziren proban parte hartzera. Gainera, aurten parte hartzeko adina 14 urtetatik 12 urtera jaitsi dute