Pedro J. Arrazola: "Aeronautika sektore estrategikoa da balio erantsi handia duelako"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 9a

Mondragon Unibertsitateko Goi Mailako Eskola Politeknikoak Titanioaren Mekanizazioari buruzko I. Jardunaldia egingo du, datorren apirilaren 14an. Sektoreko enpresei zuzendutako jardunaldia izango da.

Titanioaren joera ikusita erabaki duzue jardunaldiok egitea.
Azken urteetan ikusi dena da egiten dabiltzan hegazkin berriek gero eta titanio gehiago erabiltzen dutela osagaien fabrikazioan. Boeing 787 Dreamliner eta A-380 hegazkinak dira erreferentzia. Titanioaren kontsumoa %6tik %14ra igo da.


Zerk eragin du joera hori?
Batez ere, material konposatuekin bateragarritasun hobea duelako eman da joera hori kontsumoan. Orain arte aluminioa zen gehien erabiltzen zen materiala, eta orain titanioa eta material konposatua erabiltzen da asko. Titanioaren gorako joera argia da eta badirudi etorkizunean ere joera bera izango dela.
Joera horrek horrela jarraitzen badu, titanioa mekanizatzeko beharra ere handitu egingo da. Pieza asko mekanizatu beharko dira, eta bilatzen dena da baliabide berdinekin pieza kopuru handiagoa egitea.

Nori zuzendutako jardunaldia izango da?
Enpresa industrialei zuzendutako jardunaldia izango da. Beharrak zeintzuk diren aztertu ditugu eta ezagutzaren transferentzia egiteko momentua dela erabaki dugu. Jardunaldi hauen bitartez guk egiten duguna jakitera emango dugu, baina era berean mekanizatu arloan erreferente direnak ere ekarriko ditugu.
Dagoeneko 32 lagunek eman dute izena jardunaldian parte hartzeko.

Titanioa aeronautikaren munduan aztertuko duzue. Ze lotura dauka MUk aeronautikarekin?
Argi esango dut, Mondragon taldean ez dago aeronautikara bakarrik bideratuta dagoen sailik. Unibertsitatean, baina, sektore estrategiko bat aeronautika da. Zergatik? beste sektore batzuk baino, automozioa adibidez, balio erantsi handiagoa duelako.


Debagoienean, titanioaren mekanizazioan diharduten enpresa asko daude?
Jardunaldiak aeronautikara bideratuta dauden arren, esan behar da badaudela hainbat enpresa titanioaren mekanizatuan dihardutenak, baina ez aeronautikan. Adibidez, Ulma Forjak hizlari bat izango du jardunaldiotan.

Hegazkinetako osagaiak fabrikatzen dira titanioarekin. Zer, adibidez?
Adibidez, orain gura da titanioarekin fabrikatzea lurreratze-trena. Bestalde, motorraren barruan ere titaniozko piezak daude.

Esan daiteke titanioa dela etorkizuneko materiala?
Askotxo esatea litzateke hori. Hurrengo bost urteetarako joera titanioa eta material konposatuak izango dira.

Adibidez, Airbuseko ordezkariak etorriko dira jardunaldietara. Zeintzuk etorriko dira?
Airbuseko David Gaudillere etorriko da eta Airbusen titanio mekanizatua, gaur egungo beharrak eta etorkizuneko joerak hitzaldia eskainiko du. Ainhara Garai eta Mikel Armendia, EPS-MUko ordezkariek ere eskainiko dute hitzaldia.

Etorkizunean ere antolatuko dituzue horrelako jardunaldiak?
Ez da zerbait berria, noizean behin egiten ditugu horrelakoak. Asmoa izango litzateke bi urte barru berriro ere gai honen inguruan jardutea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak