Sandra Carrasco: "ETAren amaiera gura dut, baina ezeren truke"

Ubane Madera 2011ko mar. 7a, 09:57

Jendetsua eta hunkigarria izan zen atzo eguerdian Isaias Carrascori egin zioten omenaldia. Lore ugari jarri zituzten hura hil zuten leku berean, etxe aurrean, bere argazkiaren azpian. Diskurtsoen atalean, berriz, Sandra Carrasco alabak azpimarratu gura izan du ETAren amaiera gura duela, baina "ez zerbaiten truke, baizik eta segurtasun indarrek eta epaileek behartu egin dituztelako".

Ezker Abertzalearen jarrera aldaketaren harira, berriz, Carrascoren alabak azpimarratu zuen, baita ere, ez direla gaitzetsi behar bakarrik hemendik aurrerako atentatuak, orain artekoak ere gaitzetsi egin behar dituztela: "Orain bapatean datoz esaten hemendik aurrerako atentatuak gaitzetsi egingo dituztela, baina ez orain artekoak. Akaso ahaztu egin zaie eragindako kalte guztia? Non dago urte hauetako guztiotako gaitzespena?".

Jazarpen eta erailketak

Rafaela Romerok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, berriz, Isaias Carrasco hil zuteneko egun "hotz eta euritsua" gogora ekarri du; "une horretan nire mundua aldatu egin zen eta Arrasateko sozialistak ere bai, indartsuago egin ginelako. Francok eta frankistek jazarri eta erail gintuen, diktadurak jazarri eta erail gintuen, eta gero ETAk jazarri eta erail gintuen".

Non dago Pello Urizar?

Sorturen gainean ere egin du berba, esanez, "sinistuko diogu Isaiasen hilketa gaitzesten badu". Besteak beste Pello Urizarren, EAko idazkari nagusiaren presentzia exijitu du: "Aurrekoan manifestatu zen Puelles hil zutenak atxilotu zituztenean. Non dago orain?".

Eta bestelakoean artean, salatu du Udalak ez duela onartu San Andresko Navas de Tolosa kaleari Isaias Carrasco Miguel izena ipintzeko eskaera.

Sozialisten ordezkariak

Lore eskaintzan parte hartu dutenen artean, izan dira, argazkien ordenaren arabera: Isaias Carrascoren ama, Sandra Carrasco alaba, Adei Carrasco semea, Rodolfo Ares Barne Sailburua eta Jesus Egiguren sozialisten presidentea. Eta taula-gainean, besteak beste, izan dira: Rafaela Romero, Blanca Roncal, Legebiltzarreko presidente-ordea, Miguel Buen, diputatu nagusi izateko hautagaia eta Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko PSE-EEko bozeramailea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak