Sekula baino jende gehiago, Arrasaten Aratusteetan

Ubane Madera 2011ko martxoaren 6a

Zapatuko desfilean atzematen zen arrasatearrak Aratusteetarako gogoz zebiltzala, eta izan ere halaxe izan da. “Urtetan ez da halakorik ikusi”. Horixe komentatzen zen gaur goizean (domeka) zabalik aurkitu ditugun tabernetan. Eta parrandazale horiek guztiek utzitako zikinkeria batzea tokatu zaien garbitzaileek ere hala uste dute. Koadrilarik onenaren saria Termitei eman zieten, tuno jantziarengatik. Datorren urtean pregoia esatea tokatuko zaie.

Eguerdiko kalejiraren ostean, 600 bat lagunek bete zuten Uarkape pilotalekua atzo, zapatua, herri-bazkarirako, eta gero haiek guztiak eta arratsalde-gauean animatu ziren beste asko kalerik kale eta tabernarik taberna ibili ziren, Arrasaten aspaldiko Aratusterik jendetsuenak utziz.

50 zabor-poltsa gehi edukiontziak

Domeka goizean ere islatu da hori. “06:00etan desastre hutsa zen. Kristalak, Eroskiko karrotxoak, kartoiak… kristalei dagokienez, igartzen da bai, kanpoan erre behar dela orain. Askoz gehiago batu ditugu. Eskuz hasi gara hori guztiori batzen, eta 10:00etarako 50 bat zabor-poltsa gehi edukiontzi batzuk beteta genituen. 12:30ak arte gaude lanean eta ez dakit guztia batzeko astirik emango digun”, kontatu dute Txus eta Jon garbitzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak