Eve Ensler estatubatuarrak idatzitako bakarrizketak dira. "200 elkarrizketa baino gehiago egin zien emakumeei, euren sexualitatearen inguruan. Galdeketa haietatik ateratako bakarrizketak dira antzezlanekoak. 12 bakarrizketa aukeratu zituen; emakume errealen esperientzietan oinarritutako 12 istorio kontatzen dira", azaldu du Ainhoa Garai aktore arrasatearrak.
Moldeak apurtzea da asmoa
Baginaren bakarrizketak gehien antzeztu den testu garaikideetako bat da. Eztabaida piztu, moldeak apurtu, dinamika sortu eta lotsarik gabe argi eta garbi erakusten du antzezlanak emakumeen sexualitatea.
"Kontrakoa pentsatu arren, XXI. mendean oraindik tabu da sexua, eta are gehiago emakumeen sexualitatea. Gizonezkoen sexualitatearen aldean emakumezkoena tabu handiagoa da", dio Garaik. Hortaz, molde horiek apurtzea da antzezlanaren asmoetako bat. "Naturaltasun osoz kontatzen dugu, eta horretan dago antzezlan honen arrakasta. Lotsak alde batera uzten ditugu eta sexualitatea eta baginaren inguruan berba egiten dugu normaltasun eta naturaltasun osoz", azaldu du Arrasateko aktore gazteak antzezlanaz berba egitean.
Umorea da ardatza
Esan daiteke komedia bat dela antzezlana. "Hasieratik sartzen dira ikusleak komedia giro horretan, baina esan behar da antzezlanak badituela hainbat pasarte nahiko gogorrak. Eguneroko bizitzan dena ez da barrea; hortaz, sexualitatearekin lotuta ere badaude hainbat esperientzia ez direnak positiboak", dio Garaik. Adibidez, azaltzen da kasu bat ablazioaren inguruan berba egiten dena eta beste bat bortxaketen inguruan berba egiten dena. "Horiek, adibidez, pasarte gogorrak dira eta komedia puntu hori mozten dute", gaineratu du.
Ainhoa Garaik gizonezkoak animatu gura ditu antzezlana ikustera. "Gizonezkoak ere nonbaitetik etorri dira mundu honetara, ez? Bestalde, emakumeekin harremanak izaten dituzte, hortaz eurei zuzenduta ere badago antzezlan hau", azaldu du. Hala ere, Garaik aitortu du emakumezkoak direla antzezlan hau ikustera gehien animatzen diren herritarrak: "Istorio errealak dira azaltzen ditugunak, hortaz emakume asko identifikatu egiten dira istorio batekin ez bada, beste batekin".
Urtarrilean estreinatua
Urtarrilaren 14an estreinatu zuten antzezlana Tolosako Leidor antzokian. Esan behar da lehenengo aldia dela Enslerrek 1996an idatzitako lana euskaraz eskaintzen dena. Orain arte 45 hizkuntzatara egokitu dute eta 120 herrialdetan eskaini dute antzezlana; hala, gehien antzeztu den testu garaikideetako bat da. "Martxoko aste bukaera guztiak hartuta ditugu antzezlanarekin, eta baita apirilekoak ere. Oso harrera ona izan du", aitortu du Garaik.
Garmendiarekin, lehen aldiz
Lehenengo aldia dute Aitziber Garmendiak eta Ainhoa Garaik elkarrekin lan egiten dutena. "Zuzenbidea elkarrekin ikasi genuen, hortaz elkar ezagutzen genuen eta beti esaten genuen ea batera lan egiteko modurik izango genuen" gogoratzen du Garaik. Garmendiarekin lan egitea "gozamena" dela dio: "Oso emakume alaia da, eta asko ikasten da harekin. Harreman ona daukagu, eta hori funtsezkoa da; izan ere, eszenatokian giro ona baldin badago, giro hori ikusleei transmititzen diezu". Gaineratu du zortea dutela gustuko dutenean lan egiteko aukera dutelako. Zuzenbidea ikasteaz gain, gaur egun irakasle ikasketak egiten dihardu arrasatearrak.
Krisi garaian kultura izaten da lehenengo mozten den iturria. Bada, arrasatearrak kontatu digunez, eurek ez dute horrelakorik igarri. Baginaren bakarrizketak lanarekin aste bukaera guztiak dituzte hartuta martxoan eta apirilean zehar.
Arrasaten datorren domekan, martxoak 6, eskainiko dute antzezlana Amaia Antzokian. 19:30ean izango da antzezlana eta sarrera kostako da 10 euro. Antzezlana euskaraz izango da.