90eko hamarkadaren hasieran, lau talde feminista zeuden herrian: Ekin Emakumeak, Familia eta Gizarte, Emakumeen Asanblada eta Egizan. Azken bi talde horietako ordezkariak izan ziren, hurrenez hurren, Julia Monje eta Sagra Lopez.
Egun talde biak desagertuta dauden arren, Monjek eta Lopezek emakumeen eskubideen alde borrokan segaitzen dute. Hori horrela, asteon Emakume Txokoak antolatutako ikastaro baten topo egin dute. Mugimendu Feminista: iragana, oraina eta etorkizuna zen ikastaroaren izena eta horri esker 80ko eta 90eko hamarkadetan borrokatutakoak, egindakoak eta lortutakoak gogoratu zituzten.
Emakume ausartak
"Lehenengo jardunaldi feministak, legez kanpokoak, Madrilen egin ziren. Horren ostean sortu zen Arrasateko Emakumeen Asanblada. Emakume talde txikia zen, baina guztiak ere oso ausartak ziren. Jende askok entzun nahi ez zituen gauzak esan eta aldarrikatzen zituzten", kontatu digu Julia Monjek. "Urte askoan gure leloa izan zen Sexualitatea ez da amatasuna. Gaur egun pentsaezina litzateke hori".
Sagra Lopezek urte askoan ordezkatu duen Egizan taldea, berriz, 1988an jaio zen: "Euskal Herriaren Askapenerako Mugimendu Nazionalean ari ginean lanean, baina argi ikusten genuen emakumeon problematika ezberdina zela eta ezberdin landu behar zela. Gure borrokak hiru ziren: patriarkatuarengandik askapena lortzea, klase borroka eta Espainiako eta Frantziako estatuek gure izatea onartzea", dio.
1995ean, pauso garrantzitsua
90eko hamarkadaren hasieran, herriko lau talde feministak batu eta pauso bat gehiago ematea erabaki zuten: Udalari emakumeen kontseilu bat eskatzea. Horren ostean, 1995ean, Emakume Txokoa zabaltzea lortu zuten. Beste gauza askoren artean, Lopezen eta Monjeren moduko emakumeen borrokak posible egin du Arrasatek emakumeari eskainitako txokoa izatea gaur egun.