Ino Galparsoro alkatea ez zen izan atzoko osoko bilkuran, osasun kontuengatik datorren astera arte bajan egongo delako. Haren funtzioak hartzeko Oihana Aranburu alkateaordea izendatu zuten ordezko.
Minutua 0,033 euro
Parkingen tarifei dagokienez, BEZaren %18ra arteko igoera dela-eta, udalbatzarrak parkingen prezioak ere igotzea onartu zuen. Honela geratzen dira: 0,033 euro minutuko; egunez hileko 62,22 euro; gauez hileko, 47,36 euro, asteko bonoa (24 ordu) 39,10 euro eta hileroko bonoa (24 ordu), 96,36 euro.
Bukatzeko, aparkaleku plaza bat 15.198,09 uro kostatuko da, hilero 16,50 euro.
Bost etxebizitza gehiago
Bestelako gaien artean, Uribarri esparruko Egitamu Bereziaren aldaketa bat onartu zuen udalbatzarrak. Horren arabera, gehitu egiten da bertan eraiki daitekeen etxebizitza kopurua, 35etik 40ra. Sukia eraikitzen dabilen etxe-bloke bati dagokio aldaketa.
Bukatzeko, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzarrak aho batez.
Berdintasuna lortzeke
Laburbilduz, gogora ekartzen du aurten ospakizun horren mendeurrena dela. Eta Arrasateko kasuan gogora ekartzen du berdintasuna bultzatze aldera 1994an sortu zutela Emakume Saila; geroago Emakume Txokoa etorri zela, eta bien artean “ibilbide oparoa” egin dutela urteotan.
Hala ere, onartzen du “oraindik bizi dugun gizartean asko” dagoela egiteko, “berdintasuna lortzea egiteke dagoen lana” dela eta horren harira dio “Arrasateko Udaletxearen konpromisoa adierazi nahi” dela “aurrerantzean ere berdintasunean urratsak ematen jarraitzeko”.
Besteak beste, “guztiz beharrezko” ikusten dute “emakumeek gure gizarteko esparru soziokultural, politiko, ekonomiko eta bestelakoetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko guneetan” egon behar dutela,
Hortik aparte, eztabaidarik gabe, eta apenas 20 minutuan hasi eta bukatu zuten batzarra alderdi politikoek.