Isaias Carrasco omenduko dute domekan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 4a

Orain dela 3 urte hil zuten tokian, bere etxe aurrean, lore sorta eskainiaz, omenduko dute Isaias Carraso euskal sozialistek. Hiru urte dira ETAk militante sozialista mondragoetarra erail zuela.

Eguerdiko 12etan izango da omenaldia. Sandra Carrasco Isaiasen alabak eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak hartuko dute parte omenaldian. Beste hainbat sozialista ere bertan izango dira.

Etxe ondoan hil zuten

2008ko martxoaren 7an hil zuten Isaias Carrasco, Arrasateko zinegotzia izandakoa. Lanera joateko etxetik irten eta autora sartu berri zenean tirokatu zuten ETAko kideek. Hiru bala jaso zituen etxe aurrean. Ordu biak inguruan ingresatu zuten Arrasateko ospitalean zauri larriak zituela eta berehala hil zen.

Hauteskunde kanpainan

Isaias Carrascoren erailketa hauteskunde bezperan gertatu zen. Bi egunetara egin ziren-eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina, bertan behera utzi zuten alderdi politiko guztiek. Atentatuak zirrara sortu zuen Arrasaten eta euskal jendarte osoan oro har. Hauteskundeetan Zapatero atera zen garaile eta sozialistek boto zaparrada lortu zuten. Arrasaten, Debagoienean eta EAEko hiru lurraldeetan lehen indarra izateraino.

Autobideko langilea

Carrascok AP-1ean egiten zuen lan, Bidelanerako, Bergara hegoaldeko ordainlekuan. 2003ko ekainetik 2007ko maiatzera arte izan zen zinegotzi Arrasaten. 2007ko Udal hauteskundeetan seigarren postuan aurkeztu zen Arrasateko sozialisten zerrendan. Ez zuen zinegotzi kargua lortu.

Erailketaren ondorioak

Atentatu hark, 2008ko hauteskundeetan eragin zuzena izateaz gain, ondorioak izan zituen Arrasateko Udalaren eta udalbatzaren ondorengo jardunean ere. Mozio etiko istilutsu eta mediatikoak eztabaidatu ziren Arrasaten ez ezik gainerako herrietan ere. Ezker Batua-Berdeak-Zutik koalizioko Mondragoeko hiru zinegotziek Udal gobernua utzi egin zuten eta ezker abertzalea (EAE-ANV) gutxiengoan gobernatu beharrean izan zen. Hala jarraitzen du agintaldiaren hondarrean ere. Ino Galparsoro alkateak kartzelan eman zuen epealdi bat atentatua ez gaitzestearren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak