"Ingeniaritza buelta ematen ari da azken urteotako moteltzeari"

Leire Kortabarria 2011ko martxoaren 1a

Mondragon Unibertsitateak, 50 bat enpresako ordezkariekin, Hezkuntzaren Europako Esparru berrian ingeniaritzaren enplegagarritasuna eta eginkizuna aztertu ditu gaur goizean egin dituzten jardunaldi batzuetan.
MUk Garaian duen egoitzan izan da. Jon Altuna hizlariaren esanetan, "ingeniaritza ikasle gutxiago" egon dira azken urteotan, baina horri "buelta ematen" ari zaio.

Ingeniariak erabili nahi dituzten enpresei zuzenduta egon dira gaurko jardunaldiak. Hezkuntzaren Europako Esparru berrian ingeniariek dituzten enplegu aukerak eta eginkizun berriak aztertzea zen helburua.

Ikasketa-plan berriei, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren titulazioei eta ikasle batzuek enpresetan egiten dituzten gradu-ikasketen nahiz masterren karrera-amaierako proiektuei buruz gogoeta egin dute, baita ikasleek ikasketak eta lana aldizkatzeko duten aukerari buruz ere.

Goi Eskola Politeknikoko koordintzaile akademiko Jon Altunak gidatu du saioa. Bere esanetan, ingeniariek enplegu aukera onak dituzte, batez ere Goi mailako ingeniaritza egin dutenak, eta "eskaera handia dago" Informatika, Elektronika eta Telekomunikazio ingeniariak kontratatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak