'Parte hartuz aldatu' dokumentala aurkeztuko dute

Maider Arregi 2011ko otsailaren 28a

Gazteek errealitate soziala, politikoa eta Gipuzkoako gobernatze sistema nola ikusten dituzten aztertzen duen dokumentala aurkeztuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arrasateko IES Institutoan izango da aurkezpena, bihar, martxoaren 1ean. Bi emanaldi eskainiko dira: 9:30ean eta 11:00etan. Bertan, Batxilergoko lehen  eta bigarren mailako 120 ikaslerekin batuko dira eta hausnarketa egingo dute.

Dokumental honekin jakinarazi nahi da, ea Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako gipuzkoar gazteen kultura politikoari buruzko azterketaren emaitzen inguruan zer iritzi dagoen, eta baliozkoak diren eta egiaztatzen diren.

Parte hartuz aldatu dokumentalaren bitartez, gazteen sozializazioan zer iturrik jokatzen duten analizatu da. Zer lotura duten gazteek politikarekin, eta zer eduki lotzen dizkioten politikari. Kontua ez da, zuzenki, politikak gazteei zer eskaintzen dien aztertzea, baizik gazteek benetan zer interes duten, gazteei zer esaten dien politikak. Gipuzkoan dauden portaera politikoak eta herritarrak zerk mugiarazten dituen dokumentatu da.

Dokumentalaren prestakuntza

Dokumentalean, gazteen kezkak jakiteko egin diren hainbat etahainbat elkarrizketa eta grabazioren laburpena ikusten eta entzuten da. Ondorioa da gazte izateko moduez ere “zenbat buru, hainbat aburu” esaera baliozkoa dela, baina gure gizarteko kide izateak ezaugarri komun batzuk ematen dizkiela. Ikus-entzunezkoen munduarekin lotura duten gazteei –EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezkoetako eta Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako ikasleei- kamera eman zitzaien, haietako batzuek buruan zer daukaten zuzenki jakitearren, eta, segidan aipatuko ditugun bost gai arazotsuen inguruan, zer-nolako ikuspegiak, balorazioak eta ekarpenak dituzten jasotzeko. Hauek dira gaiak: etxebizitza, astialdia, bakea eta normalizazioa, ingurumena eta euskara eta kultura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak