Nola ezagutu zenuen DJ lana?
Ba, kasualitatez izan zen. Lagun batek eta biok soinu teknikari izateko mintegi bat egin genuen eta horren ondoren Arrasate Irratian programa propio bat izatera iritsi nintzen.
Hortaz, ez zen zure plan bat izan?
Ezetz esango nuke. Askotan gauzak bata bestearen atzean etortzen dira eta hau horrelako zerbait izan zen. Dena den, oso oroitzapen onak ditut. 14 urte, ilusio handia eta ordubetez nik nahi nuena egiteko aukera eta plataforma nituen, aukera ederra! Hasieran erronka izan bazen ere, gaur egun oso oroitzapen onak ditut eta gustura bueltatuko nintzateke irratira.
Baina irratia ez duzu guztiz alde batera utzi.
Orain beste mota bateko irratsaio bat egiten dut bai. Internetek aukera handiak ematen ditu eta www.bfradio.com webgunean saio bat egiten dut astero. Ez da gauza bera, baina pozik nago. Teknikak izugarri egin du aurrera eta honelako irratietan entzuleekin txat bitartez hitz egiteko aukera dago, eurekin argazkiak, kritikak, musika... elkartrukatzeko aukera dago. Sareak musika egiteko moduak aldatu ditu.
Iraultza hori positiboa da?
Ez beti; biniloak beste xamar bat zuela uste dut, baina teknika berriek lana asko erraztu digute. Lehen, 50 kilo pisatzen zuen kaxa bat eraman behar zenuen eta orain, 2 kilo pisatzen duen ordenagailu batekin nahikoa da.
Zenbat tokitan ibili zara DJ moduan?
Ezingo nituzke zenbatu, hainbat taberna, diskoteka eta ezkontzatan lan egin dut-eta.
Duela urte batzuk sariren bat ere eskuratu zenuen, ezta?
Bai, horrela izan zen. Duela urte batzuk Itzela diskotekak antolatzen zuen lehiaketan hirugarren postua lortu nuen. Egia esan, ez naiz lehiaketazalea. Gazteagoa nintzenean beti erronka bila ibiltzen nintzen eta lehiaketa hori testuinguru horretan kokatuko nuke. Gaur egun, musika jartzea plazertzat daukat eta lehiaketak plazer izatetik urrun gelditzen dira. Gainera, kasu askotan, parte hartzeko ordaintzea ezinbestekoa da; nire ustez, hori onartezina da.
Musikatik zer jasotzen duzu?
Lehenik eta behin, musika gustuko zerbait da eta bigarrenez, lasaitu egiten nau. Batzuk lasaitasun bila Karibera joaten diren neurrian, nik musika erabiltzen dut nire unibertso propioa sortu eta erlaxatzeko formula gisa.
Nondik lortzen duzu musika?
Gehienbat, Internet bidez, iTunes eta halako programek bilaketa lana asko erraztu eta murriztu dute. Bertan, Bisbalen azken kantutik hasi eta Asian galduta dabilen konposatzaile ezezagun baten lanak eskura ditzakezu erraztasun berarekin.
Zeren arabera aukeratzen duzu musika?
Merkatuaren arabera, DJa jendeak ondo pasatzeko sortutako figura bat da. DJ Tiësto eta David Guetta bezalako izarrak dauden arren, gehienetan, jendeak ondo pasatzeko besterik ez gaude. Horregatik, merkatuaren eta pertsonen gustuak errespetatu egin behar dira, baita nireak ere.
Orain zein proiektutan zabiltza?
Duela gutxi Chinba Reproductions sortu dut. Azken urteetako lanaren ostean ospakizunen eta ekitaldien arloan hutsune handiak daudela ikusi ostean sortutako proiektu bat da. Egia esan, ez dakit nola irtengo den, baina erronkak gustuko ditut!
DJ batek SGAEri kanona ordaintzen dio?
Hori nire merkataritza-agenteari galdetu [Barre].