Iñigo Arregi, naziortera zabalik

Ane Irazabal 2011ko martxoaren 1a

Lanez gainezka eta pozik dago Iñigo Arregi artista arrasatearra, eta ez da gutxiagorako. Azken hilabeteotan, besteak beste, Donostian, Madrilen, Leonen eta Berlinen erakutsi du bere obra.

Gabonetan, berriz, Bilboko Krisis Factory erakusketa inauguratu zuen, eta bere eskulturak eta erliebeak Bizkaiko hiriburuan lehen aldiz erakutsi (martxoaren 12ra arte). Laster, Innsbruckeko arte azoka baten parte hartuko du, Austriako publiko zorrotza txunditzeko asmoz.

Une gozoa bizi du Arregik, baina argi utzi du hori guztia urte askotako lanaren ondorio  dela. "Egunero egiten dut lan nire estudioan. Astegunak eta asteburuak berdinak dira niretzat. Askotan ez dakit zein egunetan bizi naizen ere!", azpimarratu du Arrasate Irratian eginiko elkarrizketa baten.

70eko hamarkadan lanean hasi zenetik, Iñigo Arregik ez dio artistikoki birsortzeari utzi. Horretarako, ordea, ez du gidoi definiturik jarraitzen. Motibazioa era ezberdinetan elikatzen du. "Batzuetan, biziki hunkitzen nauen zerbaiti heltzen diot. Beste batzuetan, aldiz, estudiora joan eta obra bat lantzen hasten naiz, nola eboluzionatuko duen jakin barik", azaldu du.

Inplikazio berriak, material berriak
Arregiren etengabeko birsortze prozesuaren adibide berrienak erliebezko koadroak dira, asko inplikatu da-eta haien produkzioan. "Eskegi ahal diren eskulturak bezala dira, baina ezin dira perspektiba ezberdinetatik begiratu, aurretik bakarrik ikus daitezke-eta", azpimarratu du Arregik. Hain zuzen, erliebezko koadroek nazioarteko ospea ekarri diote, batez ere, Europa iparraldeko zenbait herrialdetan. "Nire obrak oso harrera ona du Alemaniako ingurumarian, germaniarrek gustuko dute-eta arte geometrikoa".

Erliebezko koadroak egiterakoan material desberdinak lantzen ditu artista arrasatearrak, eskala txikiko lanak paperean landuz eta formatu handikoak egurrean jorratuz. Burdinari ere fidel jarraitzen dio Arregik. Aurrerantzean, berriz, plastikoa erabiltzen hasiko da, arterako erabil daitekeen materiala dela frogatzeko asmoz. "Oso euskarri arina da eta ez du zintzilikatzeko arazorik ematen", gehitu du.
Krisi ekonomikoaren zama
Proiektuz gainezka dagoen arren, artean krisi ekonomikoa gogor nabaritu dela onartu du Arregik.  Lehen baino gutxiago inbertitzen da artean eta jarduera artistikoetara bideraturiko dirulaguntzak    asko murriztu dira. "Enpresetara eta administraziora bideraturiko proiektuak geldirik daude, eta artelanak ez dira lehen bezala saltzen", aitortu du. Hala ere, Arregiren ilusioak bere horretan dirau: "Oso lanpetuta nago, gustura nire obrarekin eta indar handiarekin". Une onean dago artista arrasatearra.

-----------------------------------------------------------------------------

Webgune interaktiboa
Erakusketak, azokak eta galeriak alde batera utzita, Iñigo Arregiren obra zabala www.iarregi.com webgunean gainbegira daiteke. Bertan, eskulturak, erliebeak eta grabatuak erakutsi eta horien inguruko informazio zehatza eskaintzen du artista arrasatearrak. Hain zuzen ere, teknologia berrietara egokitzea beharrezkotzat jotzen du Arregik: "Publikoari aukera eman nahi diogu artearekin etxetik ere disfrutatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak