Beterania eta gaztetasuna uztartu dituzte sozialistek udal hauteskundeetarako zerrenda osatzerako orduan. Beterania, Paco Garcia eta Gregorio Achutegi moduko "pisutsuek" zerrendan segitzen dutelako, hirugarren eta zazpigarren, hurrenez hurren. Eta gaztetasuna, zinegotzigai erdiak berriak eta asko gazteak direlako. Justu, hori da, besteak beste, gaurko (egubakoitza) aurkezpenean Aritz Arrieta alkategaiak nabarmendu duena: berriek ideia berriak ekarriko dituztela. Raquel Diaz, Paco Garcia, Miren Lorea Lana, Juan Manuel Zugasti, Maialen Romero eta Gregorio Achutegik jarraitzen diote zerrendan Arrietari.
Paco Garcia legebiltzarkideak nabarmendu du Arrasateko udalbatzarrean “zazpi zinegotzi” ateratzeko asmoarekin datozela sozialistak, “guztia lortzeko gertu” eta “zerrendarik onena” eurek aurkeztu dutela.
Interes orokorra
Aritz Arrietak, berriz, besteak beste, bost puntu nabarmendu ditu: gobernu bokazioa, bokazio demokratikoa, bokazio soziala, udal bokazioa eta erakundeen artean akordioak bultzatzeko bokazioa duela alderdi sozialistak. Eta azpimarratu du “interes orokorraren alde” lan egingo dutela, “arrasatear guztien alde”.
Legebiltzarreko presidente-ordea
Aurkezpena ondo babestuta egin dute sozialistek. Besteak beste, Legebiltzarreko presidente-orde Blanca Roncal izan da Kulturateko areto nagusian; baita Lasarte-Oriako alkatea ere. Eta bereziki gogoan izan dute Isaias Carrasco, martxoaren 7an hiru urte beteko dira-eta hura hil zutela. Haren alargun Marian Romero ere izan da ekitaldian eta gainera, 12.a da sozialisten zerrendan. Txalo artean eskertu diote partaidetza.
