"Estatuaren partetik zinegotzi taldearen aurka jasotako eraso legal eta poliziala, presio mediatikoa, eta batez ere atxiloketa bezala makillatutako alkatearen bahiketa" izan da Udal Gobernuaren ustez agintaldiko alderik negatiboena.
AHT eta aparkalekuak
Ez zaie gustatu, ezta ere, "AHTren eraikuntzan udalek eskumenik ez izatea eta udal langileekin hitzartutakoa espainiar dekretu baten bitartez ukitu behar" izatea; "Arrasateko herriak Udalatxeko harrobiarengandik libratzeko duen zailtasuna", eta ezta ere, "Osakidetzako ospitaleari dagokion aparkalekuen gaia oraindik konpondu ez izana".
Urbanoa eta igogailuak
Positiboen artean, berriz, "herriko autobusaren zerbitzua gehitu eta hobetzea garrantzitsua" izan da. Igogailu publikoekin ere gustura geratu dira (Altamira-Ferixalekua) eta baita ere, joan den "agintaldi bukaerako enfrentamendu egoerari buelta ematea" lortu izanarekin.
Oposizioak, berriz, orokorrean uste du Udal Gobernuak gauza asko utzi dituela egin barik.
PSE-EE: "Ausentziaren urteak"
PSE-EEk eta EAJk egiten diote kritikarik zorrotzena. Sozialistek diote "ausentziaren" urteak izan direla, ez dakitelako "zer lan egin duten herritarrendako eta zertan pasa dituzten lau urteak". Adibide moduan, aparkaleku, segurtasun edo zikinkeria arazoak aipatzen ditu Aritz Arrietak. Eta gaineratzen du sozialisten proposamenak ez dituztela aintzat hartu.
EAJ: Aurreko agintaldiaren jarraipena
EAJk, berriz, dio aurreko agintaldiko proiektuekin jarraitu duela oraingo gobernuak. Eta, bereziki azpimarratzen du "aparkaleku faltak kexu asko eragin" dituela, eta gobernuak ez duela jakin krisiari aurrea hartzen, eta ondorioz, "inbertsio berriak egiteko marjina txikitu" duela. Sozialistek moduan, jeltzaleek ere kritikatzen dute fatxadak “pintada eta kartelak ipintzeko erabili izanaz”.
Alternatiba-Zutik: jarrera kontserbadoreak
Alternatiba-Zutik koalizioaren ustez, eurek eta EAEk agintaldiko lehen urtean zuten "akordioa bertan behera geratu zenetik, EAE-ANVk jarrera kontserbadoreei ekin" zien. Eta besteak beste, gizarte gaiak "alde batera" utzita, Garaia Berrikuntza Guneko edo MUko finanzaketa onartzeko gauza" izatea da Ander Rodriguez bozeramaileak kritikatzen duena.
PP: Garaia eta MUri emandako diruak
Ildo bereko kritika egiten du PPk: "Ez da positiboa arrasatearrei eskatzen zaien dirutza, Udalean batzuek erabaki dutelako Garaiaren handitzea babestea". MUri "oparitu" dioten diruarekin ere ez dago ados alderdi popularra eta ezta hiltegiaren gaur egungo proposamenarekin ere: "Gutxi batzuen artean erabiltzeko txiringitoa muntatzea" da, PPren ustez, baina "arrasatearren diruekin", dio Itziar Lamarainek.
EA: "Elkarrizketaren eta akordioaren alde"
Eusko Alkartasuna da Udal Gobernuaren jarduna positiboen baloratzen duena. Arlo politikoan "egoera txar batetik egoera on batera" pasatzen ari direla dio. Arlo ekonomikoan, berriz, krisiaren eraginez "hasierako konpromiso asko bertan behera" geratu direla. Hala ere, Pello Urizarrek azpimarratzen du "elkarrizketaren eta akordioaren alde" egin dutela agintaldian udal talde gehienek.
Aralar: euskararekiko politikarekiko desadostasuna
Bukatzeko, Aralarrek euskararekiko Udal Gobernuak izan duen jokabidea da kritikatu duena: "Harrigarria badirudi ere, herriko estamentu guztiak bat eginik euskarari buruzko konpromisioa bideratzeko aukera, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia bertan behera gelditzea izan da agintaldiko akatsik larriena".