Eroskiren auzian "zuzen" jokatu duela uste du Arrasateko Udalak

Ubane Madera 2011ko otsailaren 23a

Eroskik aukera dauka Arrasateko Udalari kalte-ordainak eskatzeko, Arrasate sarrerako hipermerkatua handitzeko eskaerari Udalak erantzunik eman ez diolako. Hala ere, "Udalak erarik egokienean jokatu” duela eta gainerako “alternatibak okerragoak izango” liratekeela, orain “Diputazioa eta Jaurlaritza ere inplikatuta daudelako”.

Badira lau urte Eroskik Arrasateko Udalari baimena eskatu ziola Zabaleta-gunean duen hipermerkatua handitzeko, 15.000 metro karraturaino. Aldiz, Udalak ez dio oraindik erantzunik eman. Eta Eroskik kontua auzitegietara eraman zuen orain urtebete, administrazio gaietarako auzitegietara. Bada, hortik Udalari erator dakiokeen ondorioak zeintzuk diren jakiteko, abokatu-langela batek txostena egin du Udalak eskatuta.

Kalte-ordainak eskatzeko eskubidea

Eta txosten horren arabera, Eroskik eskubidea dauka orain Udalari kalte-ordainak eskatzeko, Udalak ez diolako erantzunik eman. Hala ere, Udalak uste du epaileak hori erabaki arren ere, kalte-ordain horiek asko jota izango liratekeela Eroskik bere proiektua egiten gastatu duen kopuruaren araberakoak, eta gainera, Eusko Jaurlaritza zein Diputazioa ere erantzule izan beharko liratekeela.

Burokrazia kontuak

Juan Antonio Urdangarinek, Hirigintza Saileko teknikari-buruak emandako azalpenen arabera, burokrazia kontuak daude auzi horren tarteko.

Kontua da 2005ean Arrasateko Udalak tramitatu zuela herriko Egitamu Orokorraren aldaketa puntuala; aldiz lehenago Jaurlaritzak eginda zuen lurraldeko plana (PTS) merkataritza gune horrekin lotuta, eta bi planak ez zetozen bat.

Hala ere, Jaurlaritzak aldeko txostena eman zion Arrasateko Udalaren aldaketari, berak egindako planaren aurka. Eta horrek eragina izan du gero Udalak hartu beharreko erabakietan. Horregatik Udalak galdetu dio Jaurlaritzari ea nola interpretatu behar duen kontua.

Jaurlaritzara jo, erantzunik ez

“Zalantzak argitzeko birritan jo dugu Eusko Jaurlaritzara, lehengo legealdian eta oraingo legealdian; eta oraindik ez digute erantzunik eman. Hori horrela, baimena eman izango bagenu, baliteke  Ibai Arte etortzea errekurtso batekin, Basaurik gertatu da hori, adibidez. Kasu horretan epaitegietan izango ginateke, eta gainera, Udala izango litzateke erantzule bakarra. Eta baimenik eman ezean, gauza bera gertatuko litzateke, ze Eroskik ipiniko luke errekurtsoa, eta kasu horretan ere Udala izango litzateke erantzule bakarra. Eta oraingo kasuan, txostenaren arabera, Udalarekin batera Jaurlaritza eta Diputazioa ere izan daitezke erantzule”, azaldu du Urdangarinek.

Epaileen esku

Beraz, orain kontua epaileen esku dago, eta haiek erabaki beharko dituzte zeintzuk diren Eroskiren eskubideak. Hala ere, esandako moduan, Arrasateko Udalaren konklusioa da “agian Udalak erarik egokienean jokatu” duela eta gainerako “alternatibak okerragoak izango” liratekeela, orain “Diputazioa eta Jaurlaritza ere inplikatuta daudelako”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak