Markak hautsi ditu Ekin elkartearen erakusketak

Ubane Madera 2011ko otsailaren 22a

Zapatuan bakarrik 260 lagun inguruk ikusi zuten emakumeen gaineko argazki erakusketa. Horiei joan den astekoak eta domekakoak gehituz gero,1.000 lagun baino gehiagok ikusi du erakusketa hori. Egubakoitzean itxi egingo dute, beraz, hura bisitatzeko azkeneko egunak dira hauek.

Naturaren argazkilariak izeneko erakusketarekin batera, Ekin Emakumeak Elkarteak antolatutakoak lortu du orain arteko arrakastarik handiena Kulturateko klaustroetan ipinitako erakusketen artean. Emaitzek hala erakusten dute.

Arrasatekoez gainera, ingurukoak ere bai

Eta jakina, pozik daude Ekin elkartean erantzun horrekin: "Eskertzekoa da egindako lanak bere fruituak erakustea. Denbora mordoa egon gara prestatzen, eta gustatu egin zaigu jendeari gustatzea eta horrenbeste jende joatea", kontatu du Tamara Perezek, Ekin elkarteko eragileak.

Erakusketa bisitatu duten 1.000 lagun pasaren artean bisitari gehienak Arrasatekoak direla jakinarazi du Ekin elkarteko kideak, baina Bergaratik eta Oñatitik ere bisitari batzuk etorri direla adierazi du.

Egubakoitzean zozketa, 19:00etan

Bestalde, gogora ekarri du egubakoitzean zozketa egin behar dutela erakusketan parte hartu dutenen artean: "Argazkiak ekarri dutenei eman zaie zenbaki bat bakoitzeko. Zenbaki guztiak sartuko ditugu zakuan, eta 1970etik beherako argazki guztien artean zozketatuko dugu La Perla Talasoterapian zirkuitu eta bazkaria eta 1971tik gorakoen artean argazki kamera digitala".

"Han bertan egingo dugu zozketa (19:00); han dabilen norbaiti esango diogu bi zenbaki ateratzeko. Apuntatuta dugu zeinek zein zenbaki duen eta han ez badago telefonoz deituko diogu", adierazi dute Ekin elkartetik.

Beste nonbait ipintzeko aukera

Behin Kulturateko erakusketa itxita ea besterik egiteko asmorik baduten galdetuta, berriz, Perezek jakinarazi du batutako 189 argazkiak gorde egingo dituztela, bildumatxo moduan, "batzuk oso politak, oso inportanteak eta oso zaharrak dira, gordetzeko modukoak", adierazi du.

Hala ere, "norbaitek edo beste herri batek interesa baldin badu erakusketa beste nonbaiten ipintzeko, berba egiteko gertu" daudela gaineratu du.



 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak