Pozoitutako azkeneko katua atzo, domekan aurkitu zuten Kaonbikoek, “garaiz harrapatu eta salbatzea lortu genuen, eta beste bi ere salbatu ditugu, baina astebete ingresatuta egon behar izan dute. Akabatu direnak, berriz, 10 ordu edo gehiagoko agoniarekin hil dira, konbultsio eta guzti”.
Autopsia egingo diete
Akabatutako katuei autopsia egin behar diete orain, jakiteko zein pozoi mota erabili duten haien kontra. “Hasieran pentsatu genuen inguruko ortuetako produktuekin pozoitu zirela, baina ikusi dugu ez dela horrela. Gainera, orain hilabete batzuek Zaldibar inguruan ere hasi ziren pozoia botatzen eta hiru txakur akabatu ziren haren eraginez; pentsa umeren batek jango balu!”.
Katuen kontuekin kezkati dauden San Andresko auzotarrei begira, berriz, azpimarratu gura dute auzo hartan Kaonbi hasita dagoela katuen koloniak kontrolatzen. “Dagoeneko bost eme eta bi ar antzutu ditugu”.
Non dago BMko katua?
Bestalde, BM supermerkatu kanpoan azken asteotan egon den katua desagertu egin dela-eta, katuen lagunen elkartetik jakin gurako lukete haren berri: “Bada astebete-edo desagertu dela; oso katu maitekorra da, jende askok jaten ematen zion, eta guregana etorri dira katuarengatik galdezka. Beraz, norbaitek baleki haren berri, konta diezagula, jende asko dagoelako kezkatuta”.