Euskal Herriko palindromorik onena, Aretxabaletakoa

Ubane Madera 2011ko otsailaren 21a

Utzi penak Ane, piztu! Horixe da AED elkarteak antolatutako palindromo lehiaketako onena. Gertu jausi da, gainera, lehen sari hori: Aretxabaletara, Juan Mari Agirreurreta Elosegiren eskuetara. Arrasateko palindromorik onena, berriz, Aitor Bengoa Malbadik egin du: Atzo, arotza, zeruak erreka urez aztora ozta.

Gaur jakinarazi ditu AED elkarteak I. Palindromo Lehiaketako irabazleak, eta sariak ere gaur bertan partituko ditu. Euskal Herriko onenak, Juan Mari Agirreurreta aretxabaletarrak (33 urte) Debako Txindurri-Iturri landetxe eta sagardotegian bi lagunendako sagardotegi afaria, logela eta gosaria eskuratuko du eta Aitor Bengoa arrasatearrak (41 urte) Arrasateko Txondorra erretegian lau lagunendako etxeko menu berezia.

Ulergarriak eta zentzudunak

47 palindromoren artean aukeratu behar izan du epaimahaiak Euskal Herriko onena. Arrasatekoen artean, berriz, bi bakarrik aurkeztu dituzte. Epaimahaiak (Markos Gimeno palindromo egileak eta Erdu AEK-ko eta Arrasateko Udal Euskaltegiko ordezkariek osatutakoak) hainbat ezaugarri kontuan hartu ditu palindromorik onenak aukeratzerako orduan: ulergarriak eta zentzudunak izatea, luzera, bizitasuna, erritmoa, hitz jokoa, balio literariorik baduen eta besteak beste, balio artistikorik baduen.

Datorren urtean ere bai

Emaitza AED elkartearen webgunean ipiniko dute (www.aedelkartea.com) eta aurtengo lehiaketara aurkeztutako hainbat palindromo ere argitaratuko dituzte, “datorren urteko lehiaketara begira eredu moduan” balio dezaten, adierazi du Maite Agirrek, AED elkarteko kideak.

Izan ere, aurtengo lehiaketaren balorazio “oso ona” egin ostean, AED elkarteak dagoeneko erabaki du datorren urtean bigarren edizioa antolatuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak