"Lau puntu indartsu izango dira saltoki moduan: Olarte kalea, Garibai etorbidea, Monterron parea (Otalora kalean) eta Seber Altube plaza", jakinarazi du Angel Alonsok, Ibai Arte merkatari elkarteko kideak.
Saltoki aurrean
Saltoki gehienek saltoki aurrean ipiniko dituzte produktuak, "baina herriaren erdigunetik urruti daudenek edo erdigunean egonda bakarrik daudenek (inguruan saltoki gehiago ez dituztenek) Seber Altube plazan ipiniko dituzte eskaintzak. Hain justu, zortzi bat metroko bost karpa izango dira Seberren.
Iaz baino 12 saltoki gehiago
Alonsok uste du aurten Merkemerkauak orain arteko edizioek baino jarraipen handiagoa izango duela: "Uarkape oso ondo dago, baina azoka ikusteko bertara joan behar da. Saltokiak kalean ipiniz gero, berriz, jendearengandik gertuago izango gara. Kaletik paseatzearekin nahikoa da azoka ikusteko. Uste dugu orain arteko azokarena baino formatu egokiagoa izango dela aurtengoa".
Horren harira azpimarratu gura izan du, formatu berri horri esker saltoki dezente gehiago animatu dela parte hartzera: iaz baino 12 saltoki gehiago izango da aurten. "Errazagoa eta merkeagoa da parte-hartzea. Are gehiago, espero dugu datorren urtean hirukoiztu ere egin daitekeela saltokien partaidetza", adierazi du Ibai Arteko kideak.
Kale animazioa
Bestalde, Alonsok kontatu du, berezko animazioaz gainera, kaleak animatzeko ekimenak egingo dituztela: umeendako gaztelu puzgarria ipiniko dute, San Frantzisko elizaren pareta ondoan; eta Arrasateko trikitilariak ibiliko dira kaleak musikaz janzten.
Beherapen ikusgarriak
Aurkitu ahal izango den eskaintzari dagokionez, berriz, "saltoki bakoitzak egoki ikusten dituen beherapenak" ezarriko dituela adierazi du, baina azpimarratu gura izan du kontuan hartzeko moduko beherapen eta prezioak aurkitu ahal izango direla: "%70, %80 edo %90eko beherapenak ere izango dira. Pentsa, gure dendan badaude 140 euro kostatzen diren jantziak 50 eurotan".
Izena emateko aukera
Eta dagoeneko azokaren antolaketaren azken txanpan sartuta egon arren, Alonsok jakinarazi du oraindik posible dela izena ematea. Horretarako Mankomunitateko GATC zerbitzura deitu beharra dago: 943 79 30 90, eta Aitziberrengatik galdetu. Azken horrek azpimarratu du "azken unera arte" eman daitekeela izena.