Goienetxe fundazioa da Gureak-en eguneko zentroaren izena. Arrasaten sei bat urte daramatzate lanean eta orain, eguneko zentro horretan egiten dituzten lanetako batzuk guztion eskura ipini dituzte, azokan. "Oso esperientzia polita dabil izaten. Jendeari hasieran kosta egiten zaio arrimatzea, baina arrimatzen direnean zer dugun ikusten dute eta erosi ere bai, ze prezio politak ditugu", kontatu du Elena Zaratek, eguneko zentroko langileak.
Integrazioa bideratzeko
Dirua irabazteko baino, komunitatean integratzeko helburuarekin abiarazi dute ekimen berri hau: "Hasi ginen liburu-banatzaileak egiten eta Elkarren eta Tamayon saltzen. Harrena ona izan zutenez eta gustura gaudenez, pausotxo bat aurrera egin genuen, proiektu hau sortu zen, eta hementxe gaude. Saiatzen gara ez bakarrik zerbitzuen hartzaile izaten (liburutegira joaten gara, erosketak egiten ditugu Arrasaten…), parte aktibo ere izaten ahalegintzen gara. Komunitatean integrazioa lortzeko bide bat dela pentsatzen dugu. Eurak ere oso gustura daude, esku ona dute gauzak egiteko eta hori erakutsi gura dugu".
Hala, herritarrak gonbidatu ditu altokia bisita dezatela: "Jendea etor dadila, gurekin egon daitezela eta opariren bat egin behar badute, ba prezio onak ditugu".
Goienetxe fundazioa Gureak-ek Zigorrolan duen eraikinaren hirugarren pisuan dago. Gipuzkoan bederatzi zentro ditu eta 40 lagun artatzen dituzte; Arrasaten 6 urte egitera doaz.