Bi zati izango ditu emanaldiak. Lehenengoan Arrasateko taldeak joko du. Lau pieza eskainiko ditu Zigor Martinezek zuzentzen duen taldeak: Sandunga, Arturo Sandovalena: Blue Skaies, Irving Berlinena; The 8º avenue March, Bob Mintzerrena; eta, Fever, John Davebportena.
Leioako taldean 21 musikari
Leioako Big Bandak hartuko du kontzertuko bigarren zatia girotzeko ardura.
2007an sortutako taldearen zuzendaria Oskar Gartzia da. Leioako musika kontserbatorioan dabiltzan lagunek sortu zuten taldea; gaur egun, 21 lagunek osatzen dute. Musika modernoa jotzen dute, musika modernoan sartzen diren estilo guztiak, baina beti dute jazz estiloa ardatz. Besteak beste, Brasileko bossa-nova eta swing-a eta baladak eta ameriketako funkya.
Saxofoia, tronpeta, pianoa, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa jotzen dute. Gainera, Ana Bejaranok ahotsa jartzen die musika piezei.
Taldea osatzen duten 21 lagunetik 14 musika eskolako ikasleak dira, eta gainerako 7ak musika eskolatik kanpokoak izan arren, proiektuan buru belarri sartuta dauden lagunak dira.
Adin tarte zabala hartzen du Leioako Big Bandak; hain zuzen, 60 urte eta 13 urte bitarteko lagunak daude taldean. Bizkaiko Big band taldeetan aitzindariak izan ziren Leioakoak.
Getxoko jazzaldian jo zuten
Leioako taldeak hainbat kontzertu eskaini ditu azkenaldian. Aipatzekoak dira, Bilboko Euskalduna Jauregian eskainitako hiru kontzertuak. Durangoko jazz zikloan ere jo dute leioarrek, baina euren kontzertu aipagarriena 2010ean Getxon eskainitakoa izan zen. Getxoko 34. nazioarteko jaialdian jo zuen Leioako Big Bandak. Euren esanetan: "Bai ikusleek eta baita antolatzaileek ere oso ondo hartu ziguten".
Gainera, Bilboko Doctor Deseo taldearen azken lanean kolaboratu dute Leioako musikariek. Ziurrenik, ahaztu ezinezko esperientzia izango zen.
Elkartrukea hiru taldek
Arrasateko, Leioako eta Amurrioko taldeak dabiltza elkartrukea egiten. Leioako taldeak Arrasaten joko du gaur; ondoren, Arrasatekoak joko du Amurrion, eta azkenik Amurriokoak Leioan joko du. Elkartrukea Leioako taldearen ideia izan da, hiru taldeen arteko "harremana sendotzeko" asmoz.
Gainera, Arrasateko taldeak aurten 10 urte beteko ditu. Asmoa da ikasturte amaieran kontzertu berezia ekaintzea.