Buenek aditzera eman du gobernu aldaketa egotea “baltsamikoa” izango litzatekeela Arrasaterako, eta horren harira, herritarrak gonbidatu ditu “sozialistek egin zuten moduan, beldurrak uxa ditzaten eta maiatzaren 22an botoa ematera joan daitezen”.
Arrasateko politikari buruz, berriz, salatu du gaur egungo gobernuak “moral eta etika” falta duela Arrasateko zinegotzi ohi eta herritar Isaias Carrascoren hilketa ez kondenatzearren.
Azpiegitura handien falta
Bestalde Diputatu Nagusi izateko hautagaiak salatu du, baita ere, Diputazioak konpromiso falta duela Arrasaterekiko. Adibide batzuk ipini ditu Buenek: mendebaldeko saihesbidea (Olandixo) 6-8 urteko atzerapenarekin zabaldu izana; geraleku intermodala egin ez izana; Bizkaiko herriekin komunikazio falta garraio publikoaren bidez eta Beasain-Durangoren atzerapena. Eta azpimarratu du Espainiako gobernuaren E planari esker Arrasaten sei milioi euro inbertitu direla, Debagoieneko ospitalea sozialistei esker handituko dela eta Epeleko araztegia ere Espainiako gobernuak egingo duela.
Auzoak indartu eta garbitasuna
Aritz Arrietari dagokionez, berriz, arrasatear sozialistak azpimarratu du “badatorrela udaberria eta udaberriarekin batera aldaketa etorriko dela, eta aldaketa hori sozialista baten eskutik etorriko” dela.
Arrasateko sozialisten programaren pintzelada batzuk ere aurreratu ditu Arrietak: auzoak indartu, bereziki irisgarritasunari dagokionez; herriaren garbitasuna zaintzeko ordenantza abiarazi; kulturen arteko harremanak bultzatu; lana bultzatzeko jardunaldiak antolatu Arrasatera enpresak erakarrita; Erdi Aroko azoka berreskuratu, eta “Arrasatek galduta duen eskualdeko hiriburu izaera berreskuratu”. Era berean, herritarrak gonbidatu ditu ekarpenik badituzte eurei jakinarazteko.
Udal gobernuari buruz, berriz, salatu du lau urteotan egindakoa E planari edo Hiriber planari esker egin dutela, edo “aurreko legealditik heredatu” dutela eta “gobernua ausente” dagoela, ez duelako “batere ekimenik” eta gainerako erakundeekin ere ez duelako harremanik.