Bigarren uzta ematen hasi dira Garagartzako baratz ekologikoak

Ubane Madera 2011ko otsailaren 14a

Urtebetea baino gehiago pasa da konturatu orduko Garagartzan Udalak egokitutako baratz ekologikoak erabiltzen hasi zirenetik. Are gehiago, ortuen erabiltzaileak dagoeneko bigarren uzta prestatzen dabiltza, orturako bidea ondo ikasita: "Jendea gero eta lotura handiagoa hartzen dabil baratzarekin, eta hori positiboa da", adierazi du Pello Garaik, Udaleko Ingurumen teknikariak.

Konpartitu  eta ikasi

Ortuetan bertan sumatzen da giro ona dagoela. Erabiltzaileek euren artean gero eta harreman sendoago dute; elkartea ere osatu dutela kontatu dute: Garagartzako Ortu Ekologikoen Elkartea; eta laster udal ordezkariekin egon gura dute, ortuen kudeaketa eurek  hartzeko. "Denak ezagunak gara, batak horrela ipini, besteak orain ez ezak ipini, beranduago ipini behar duk… ortuko berriketak erabiltzen ditugu", dio Antxonek. "Abantailetariko bat hori da, harremanetarako aukera ematen duela: bati galdetu, besteak esan… dakiguna elkarrekin konpartituz ikasten jarraitzen dugu", gaineratu du Edurnek.

Transgenikorik ez, ekologikoa

Horrez gain, eta nahiz eta oraindik negua izan, barazki dezente atzematen da lursailetan. Eta guztiak dira ekologikoak, ze horixe zen justu, Udalak ezarritako irizpideetako bat:  "Gure aitaita eta amonek orain 80 urte egiten zuten nekazaritza mota praktikatzen da, produktu kimiko eta halako botika arrarorik ez zegoenekoa. Badaude produktu batzuk laguntzen dutela izurriteen aurrean, eta naturalak, ez dira agresiboak, pertsonen osasunarengan ez dute kalterik egiten eta ezta ingurumenean ere; halakoak erabiltzen dituzte. Eta jakina, produktu transgenikoak ez dira onartzen", adierazi du Pello Garai udal teknikariak. 

Gehienak heldu-gazteak

Bestalde, atentzioa ematen duen beste ezaugarrietako bat da nagusiak baino, ortuen erabiltzaile gehienak heldu-gazteak direla. Eta hori deigarria da Arrasate moduko ingurune kaletar batean: "Ikusi dugu Mondragoen jaiotako eta hazitakoek sentsibilitatea badutela euren produktuak landatu, jan osasuntsuak hartu, kezkatuta daudela ingurumenarekin, euren osasunarekin, eta zer hobe euren produktuak landatu eta jan baino!", dio Garaik. 

Izena eman daiteke

80 ortu daude Garagartzako lursailean, guztiak esleituta eta jendea itxaron-zerrendan. "Bi baja egon dira, beraz, udaberrian bi ortu daude banatzeko". Norbaitek izena eman gura badu, BAZera jo beharra dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak