Hamabigarrenez lortu duzu Gipuzkoako onena izatea. Noiz arte Jonathan Perezen agintaldia?
12 urte dira Gipuzkoan pertikarekin jauzirik handiena egiten dudala. Poztasuna ematen du oraindik; hori bai, lehen urteetan bereziagoa zela ezin dut ukatu. Hamargarren domina lortu nuenean helburu moduan jarri nuen 15 dominen bila joatea, zenbaki borobilak lortzeko. Oraindik Gipuzkoa mailan aurkari handirik izan ez arren, adinean ere aurrera noa eta gero eta zailagoa da maila mantentzea. Azken asteetan asko zaindu naiz, nire pisua ahalik eta gehien jaisteko. Izan ere, zenbat eta pisu gutxiago orduan eta hobeto.
Dieta bat jarraitu duzu orduan.
Ahalegin berezia egin dut gorputza zaintzeko. Asteotan nire entrenatzaileari esan izan diot olinpiadetara doazenak ere ez direla horrenbeste zaintzen. Momentu bat heltzen da ezin duzula gehiago. Gainera, gero eta zailagoa egiten zait kiloak kentzea: 25 urte nituenean bi kilo kendu behar banituen segituan kentzen nituen. Orain, berriz, nekezagoa da...
4,91 metro. Ez da marka makala.
Sorpresa izan da niretako ere. Aurten ere belauneko minarekin egon naiz eta Euskadiko Kopan 4,50 metroko jauzia egin nuen. Gipuzkoako txapelketarako pertikak aldatu nituen eta Kopako marka hobetzea espero arren –4,85 metro-edo–, ez nuen 4,91ko marka espero. Gainera, oso ondo gainditu nuen.
Orain Euskadiko eta Espainiako txapelketa geratzen zaizkizu.
Bai. Espainiako onenen artean aritzeko 4,95 metroko marka izatea eskatzen dute. Baina hamabi pertsonek ez badute marka egiten ranking-a hartzen da aintzat. Hamargarren nago eta beraz, Valentzian egongo naiz, seguru.
Hala ere, 4,95ko marka gainditzea espero dut, Valentziara beste ideia batekin joateko.
Valentziako probaren ostean amaituko da lehia, baina horrek ez du deskantsua esan nahi, ezta?
Bi aste barru izango da eta orduan amaituko dut pista estaliko denboraldia. Hala ere, entrenatzen jarraituko dut, eta noski, nire neskekin ere segiko dut lanean.
Malen Ruiz de Azua nirekin etorriko da Valentziara. Maialen Axpek ez etortzea erabaki du azterketak dituelako. Entrenatzen jarraituko du, martxoaren 5ean dauka-eta Espainiako txapelketa: bigarrena da ranking-ean, baina lehena bost zentimetrotara dauka. Oraindik badu zer hobetu. Malenek, berriz, Zaragozan du hurrengoa, martxoaren 15ean. Lehena da ranking-ean eta orain teknika ari gara lantzen. Zaragozara ez goaz markaren bila, beraz.
Aurten ere arazoak izan dituzue entrenatzeko.
Aire libreko denboraldia prestatzeko ez dugu arazorik izaten. Neguan, baina, ez dugu non entrenatu: pista beti dago bustita, hotz handia egiten du eta pertikarekin jauziak egiteko erabat desegokia da.
Negua heldu aurretik Udalari eskatu genion frontoia egokitzeko baina bertan berrikuntzak egin behar zituztela esan ziguten. Beraz, kanpora jo behar izan dugu baldintza onetan entrenatzeko, Donostiara eta Ermuara, esaterako. Datorren urtean, gainera, junior mailako Munduko Kopa jokatuko da eta espero dut Maialen eta Malen han egotea. Han egoteko beharrezkoa da entrenatzeko gutxieneko baldintzak izatea.
Diru aldetik ere eskas gabiltza: pentsa, Maialen eta Malenek atletismoko klub ezberdinekin fitxatu zuten iaz eta dirua pertikak erosteko erabili dute.