Hiru emakume alkatek ireki zuten Ekinen argazki erakusketa

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko otsailaren 11

Ino Galpasoro Arrasateko alkateak, Agurne Barruso Bergarakoak eta Lourdes Idoiaga Oñatikoak ireki zuten atzo Arrasaten ikusgai dagoen Debagoieneko emakumeen gaineko argazki erakusketa.

Errukane Aperribai Ekineko kideak aurkeztu zuen ekitaldia. Guztira, 50 bat lagun batu ziren bertan, gehienak emakumeak. Debagoieneko emakumeak izan eta ekin, atzoko eta gaurko emakumeen bizimodua argazkietan izenburua dauka erakusketak.

Ekin Emakumeak elkarteak 15 urte bete zituen iaz eta urteurreneko ospakizun gisa antolatu dute erakusketa. Kulturateko klaustroetan jarri dituzte ikusgai argazkiok.

"Euren bizimoduari omenaldia"

1890etik honako ibarreko emakumeen historian barrena. 200 argazki batu dituzte, 50 herritarrek utzita. Gehienak, 1890etik 1970era artekoak dira. Horiei eman die garrantzi handien. Hala, argazki zaharrenean jostun talde bat agertzen da; 1893ko, 1900eko… argazkiak ere badaude. "Euren bizimoduari omenaldia egin gura diogu" azaldu dute antolatzaileek.

Emakumea, ama eta politika

Atzoko ekitaldian ibarreko hiru alkate emakumezkoek hartu zuten parte eta hirurek egin zuten berba. Hemen laburbilduta esandakoak:

Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea:

"Emakumeok badaukagu zer edo zer, sentsibilitatea edo, gauzak hobeto entzun eta ulertzeko".

"Askotan guk, emakumeok, geure buruari trabak jartzen dizkiogu"

Agurne Barruso, Bergarako alkatea:

"Emakumeok esparru publikoa betetzen ari gara, baina esparru pribatuko lana alde batera utzi gabe eta horrek gauzak asko zailtzen dizkigu".

"Gustura egiten dugun lana da, baina ume txikiak izanda oso gogorra da".

Ino Galpasoro, Arrasateko alkatea:

"Zure burua bigarren leku batera eramaten zaitu politikan ibiltzeak".

"Politika oraindik ere gizonen mundua da eta, askotan, ez dugu tratu berdina jasotzen".

"Emakume izanda, askoz ere lan gehiago egin behar da leku berdinera iristeko".

"Azken urteetan gauza asko egin dira, baina egiteko asko dago".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak