Ino Galparsoro: "Gizonek ematen diguten tratua ez da gizonek euren artean duten tratu bera"

Ubane Madera 2011ko otsailaren 10a

Ekin Emakumeak elkarteak Ino Galparsoro alkatea gonbidatu du Kulturateko argazki erakusketaren inauguraziora, ibarreko emakume alkateetako bat delako. Hori aprobetxatu, eta bizi izandakoaren gainean galdetu diogu.

Arrasateko alkatea emakumezkoa izateaz gainera, udalbatzarrean bertan ere 10 emakume zaudete; nahikoa da, edo gehiago sartzea behar da?
Ia-ia ordezkatzen du populazioaren genero banaketa, eta ez dago gaizki. Baina egia da hainbat urtetan alderantzizko portzentajea izan dela, eta beharbada iritsi da momentua horri buelta emateko eta emakumeen presentzia handiagoa izateko, orekatu nahian hainbeste urtetan alderantzizko politikaren eragina.

Udaletxeari dagokionez, zela dago langile banaketa sexuen banaketari dagokionez?
Seguru aski emakume gehiago dabiltza lanean, baina badaude  gabezia batzuk. Badaude lanbide batzuk oso lotuta historikoki emakume izaerarekin eta emakumeek betetzen dituztenak: gizarte laguntzaileak, Iturbide egoitzako hainbat langile… Aldiz, udal brigadan bakarra ez ezik, beste guztiak gizonezkoak dira, eta udaltzaingoan gehiengoa gizonak dira; eta ardura maximoa duten lanpostuetan gizon gehiago dago emakumezkoak baino.

Zein da gabezia?: gizartearen egituraketa, lanpostuetan erraztasun gutxi ematen zaiela emakumeei familia kontuak bateratzeko, ohitura kontuak…
Pixka bat denetik: ohiturak hor daude, lana familiarekin bateratze kontuetan oraindik pentsatzen dugu emakumeok dugula ardura nagusia eta horrek konplikatu egiten du dedikazio aldetik gehiago eskatzen duten lanpostuetan egotea… dena juntatzen da, baina badaukat esperantza gazteok buelta emango diozuela, ikusten dudalako emakume gazteak kokatzen direla modu desberdinean bizitzan, eta horren ondorioa etorriko da lanpostuetara. Eta jakina, emakumeen berezko presentziak eragingo du ere ardura mailatan emakumeen presentzia areagotzea.

Alkate izan aurretik alkateorde izen zinen (1995-1997 eta 1999-2003). Asko aldatu da egoera?
Noski; hasteko udaletxeak eurak handitu egin dira, ardura ere gehitzen joan delako. Hor kokatuko nuke emakumeen presentzia handiagoa. Sasoi hartan apustu egin genuen, gainera, Berdintasunerako zerbitzua martxan ipintzearen alde, eta horrek bere eragina izan du Udal barruan.  Udalbatzarrari dagokionez, orain 10 emakume daude 21etik, eta nik uste kupoaren gaiak eragina izan duela hor, eta nahiz eta askotan kritikatua izan, nik uste eragin positiboa izan dela eta horrek eraman gaituela gaur egungo presentziara. Desberdintasunak gainditzeko aukera bakarra izaten da diskriminazio positiboko hainbat neurri hartzera, eta kupoen kontua hor kokatzen dut.

Udalera etorri aurretik, baina, fabrikan lan egindakoa zara, Coprecin. Zein da fabrikan zuk bizi izan duzun egoera?
Udalen atzetik doaz enpresak. Badakit aurrerapausoak ematen dabiltzala, baina hala ere emakumeen presentzia oso eskasa da botere postuetara begiratuta.

Gizonezkoen aldetik, oro har, zelako tratua izaten duzu?
Alkate moduan ez dut nabaritu emakumea naizelako tratu oso desberdina, baina onartu behar da gizonek ematen diguten tratua ez dela gizonek euren artean duten tratu bera, eta orokorrean kondeszendienteago ez ote diren emakumeekin. Susmo hori daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak